Badu beste akuilu bat

Ane Santesteban Mitchelton taldearekin arituko da hurrengo sasoian. Gaurtik igandera jokatuko dira Munduko Txapelketak Imolan, Italian

Ane Santesteban zaleak agurtzen, iazko Biran. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Eskaintza egiteko deitu nindutenean ezin nuen sinetsi. Munduko talderik onenetakoa da, eta ilusio handiarekin nago». Ane Santesteban txirrindularia Mitchelton Scott taldean arituko da hurrengo sasoian. Bi urte WNT taldean aritu eta gero, erronka berri bati helduko dio Errenteriako (Gipuzkoa) txirrindulariak.«Azken denboraldietan asko hobetu dut txirrindulari moduan, eta horretan segitu nahi dut. Fitxaketa hau aurrerapauso bat da nire kirol ibilbidean, eta baliatu egin nahi dut. Onena eman nahi diot taldeari, eta nire helburuak bete».

Australiako taldeak orain arteko izarra galdu du: Annemiek Van Vleuten. Herbeheretako txirrindularia Movistarren ariko da hurrengo denboraldian, eta denen artean bete beharko dute haren falta.«Ez da erraza izango, Annemiekek denboraldi honetan argi erakutsi duelako beste txirrindulari guztiak baino koska bat gorago dagoela».

Baina Boels Dolmans eta Trekekin batera tropeleko talderik indartsuenetakoa da Mitchelton. Amanda Spratt, Lucy Kennedy eta Georgia Williams dira orain taldeko txirrindulari onenak. Hor jarri du azpimarra Santestebanek. «Multzo indartsua dugu. Amanda batez ere sekulako txirrindularia da; Biran erakutsi zuen duela bi urte. Aurtengo Giroan sekulako maila eman du, eta azken hiru Munduko Txapelketetan dominaren bat lortu du. Asko ikasiko dudala uste du. Ikusi dut familia bat bezala direla».

Santesteban Imolan da, Italian. Bertan hasiko dira gaur Txirrindularitzako Munduko Txapelketak. Santesteban larunbatean lehiatuko da, errepideko lasterketan. Harekin batera hiru izango dira txapelketan parte hartuko duten euskal herritarrak: Lourdes Oiarbide (Movistar), Mikel Landa (Bahrain) eta Pello Bilbao (Bahrain).

Lehiatzen aurrena Oiarbide izango da, gaur, erlojupekoan: 33 kilometroko ibilbidea da, erabat laua. Iragan urtean 41. postuan sailkatu zen, eta hori hobetzea du helburu Eginokoak (Araba). Eroriko baten erruz Giroa utzi zuen Van Vleutenek orain astebete, eta gaur ez da irteeran egongo, ezta larunbatean ere. Iaz hirugarren izan zen erlojuaren aurkako proban, eta irabazi egin zuen errepidekoa. Hura ez egoteak gauzak aldatzen dituela uste du Santestebanek. «Bi probak irekiagoak izango dira». Aurreko urtean lehen bi postuetan sailkatutako bi txirrindulariak jotzen ditu gaurko faborito Santestebanek. Chloe Dygert eta Anna Van der Breggen (Boels). Azken hori sasoi betean da giroa irabazi eta gero: «Van Dijk [Trek] ere hor ibiliko da. Indarrak hoberen kudeatzen dituena nagusituko da, erlojupekoa luzea baita».

Larunbatekoa «beste kontu bat» izango dela uste du Santestebanek.«Ibilbidea gogorra da. Oso errepide estuetan dago zirkuitoa. Klasikoen antza du, oso gorabeheratsua da». Zirkuitoari hiru itzuli eman beharko dizkiote. 140 kilometro denera, 3.000 metroko desnibelarekin. «Hiru igoera motz ditugu, baina oso gogorrak, batez ere azkenengoa». Kasu honetan ere Van der Breggen jotzen du urrezko domina kolkoratzeko hautagai nagusi. «Baina Elena Longok [Trek] estu har dezake».

Bere helburua zein den argi du: «Giroan zazpigarren amaituta, lan on horri segida eman nahi diot. Sekula ez dut postu on bat lortu Munduko Txapelketa batean. Zergatik ez, aurten? Baina presiorik jarri gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.