Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Dibertsitatea

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Madrilgo hiria ortzadarraren kolorez bete da: alde batetik, aldarrikapenak ikusi ditugu Madrilgo kaleetan zehar; bestetik, enpresa askok aukera baliatu dute beren burua zuritzeko pinkwashing kanpainak eginez. Sentipen kontrajarriak sortzen dizkit egoera honek. Kalera ateratzeko irrikan nengoen larunbatean, nahiz eta duela aste batzuk Madrilgo Orgullo Critico taldearekin kaleak bete genituen, hiriko zentrotik urrun, NATOko goi bilerak hiriko zentroa okupatu zuelako. Enpresen presentziak une askotan deseroso sentiarazi ninduen eta egoera horrek agerian uzten du gure borroka saldu dugula.

Madrilen bizi garenontzat oso egun dibertigarria da, eta LGTBIQ+ kolektiboko kideontzat askatasunerako aste oso bat izaten da. Aste honetan, dibertsitatea ospatzeaz gain, elkarte desberdinek urte osoko lana azaltzeko aukera dute. Horien artean ODA erakundea dago. Erakunde horrek ikus-entzunezkoetan dibertsitateak zer-nolako presentzia duen aztertzen du. Aurreko astean, 2021. urtean zineman eta telesailetan ikusi dugun fikzioaren azterketa eta ondorioak kaleratu zituen. Ondorioen artean, oraindik egiteko asko dagoela erakusten du haren txostenak. Bertan, dibertsitatea ikuspegi desberdinetatik aztertzen du: emakumeen presentzia, LGTBIQ+ komunitateko pertsona desberdinak egotea, pertsona arrazializatuen presentzia edota desgaitasuna duten pertsonen presentzia. Gai anitz dira, baina ikuspuntu hauek guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa iruditzen zait gizarte dibertso baten errealitatea fikzioan islatzen den jakiteko.

Ikerketa horrek betekizun asko jarri dizkie fikzioa egiten duten sortzaileei eta ekoizleei. Besteak beste, lesbianak, arrazializatuak edota desgaitasuna duten emakumeen pertsonaien istorioetan sakontzea. LGBTIQ+ kolektiboko aktore gehiago kontratatzeko ere eskatu dute, telesailen tramak mamitsuagoak izan daitezen.

Madrilen karrozak antolatu zituzten enpresek dibertsitatearen inguruan gogoeta hori egingo balute, mundu berdinzaleago bat edukiko genuke. Aldiz, haientzat errazagoa da marketin kanpaina bat egitea. ODAren txosten honek bizi dugun errealitatearen isla erakusten du, eta espero dut sortzaileek aintzat hartzea eta marketin kanpainak alde batera uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.