KRITIKA. Artea

Gurari bat

Argazkian, Altzuzako Oteiza museoan ikusgai dauden lanetako bat. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

'Ni, denetan okerrena / Yo, la peor de todas'

Artistak: Askoren artean. Non: Nafarroako Museoa (Iruñea), Jorge Oteiza fundazioa (Altzuza) eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa (Uharte). Noiz arte: Otsailaren 4ra arte.

Ni, denetan okerrena, erakusketa hutsa baino gehiago, Iruñe inguruan barreiaturik dauden museo garrantzitsuenetan zehar hedaturiko proiektu bat da. Nafarroako Museoa eta Jorge Oteiza fundazio museoa ditu erakusketa areto nagusi gisara, eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa, egoitzak berak eskaintzen duen malgutasuna dela eta, ikerketa eta lan artistiko ezberdinen prozesuak garatzeko gune bilakatu da proiektuaren barruan.

Ni, denetan okerrena, proiektuaren euskarazko izendapena, gaztelerazko Yo, la peor de todas tituluaren itzulpena da, eta, itzulpen gehienetan gertatzen denez, itzulitakoak jatorrikoaren esanahiaren osotasuna galdu du. Estrapolazioak daude beti, eta zentzuak aldatu egiten dira. Aldaketak txikia edo ikusgaitza dirudien arren hasieran, arretaz irakurrita —bi hizkuntzak ezagutzeko aukera dugunok behintzat—, segituan ohartuko gara ezberdintasunaz. Lehena, euskarazkoa, neutroa da, «ni», «okerrena naizena», emakumezkoa izan baitaiteke, baina baita gizonezkoa ere. Eta ez hori bakarrik: konparaziozko elementua ere —«denetan okerrena»— neutroa izanik, hauek emakumezkoak, gizonezkoak, ala biak izan daitezke, nahasirik. Gazteleraz, berriz, generoa argi eta garbi azaltzen da. Izenburuko «ni» emakumezkoa da, eta konparaziozko elementu diren «denak» ere emakumezkoak dira. Horrela, itzulpenean galtzen den konnotazioak txikia baldin badirudi ere, erakusketaren zentzu guztia alda dezake, guztiz ezberdina baita «ni, denetan okerrena» emakume baten ahotsetik, edo «ni, denetan okerrena» gizonezko baten ahotsetik aditzea. Eta hori da erakusketaren gakoetariko bat.

Emakume guztiak omen dira txarrak, baina guztien artean gailenduz, «ni» okerrena. Nor da «ni» hori, ordea? Kasu honetan, pelikula jakin bati egiten dio erreferentzia, non Juana Ines de la Cruzen biografia kontatzen baiten. Ezagutza maite zuen moja bat zen; literatura sorkuntzan guztiz iaioa. Eta bere garaian debekatua zena aldarrikatzen zuen: emakumeen parte hartzea arlo hauetan. Adituek diotenez, haren lanak gaztelerazko letren Urrezko Aroko onenen parekoak dira. Hala ere, Quevedo, Gongora eta antzekoak dira eskoletan ikasten direnak; Juanarik ez oraindik ere.

Emakume sortzaile eta jakitunek urte luzeetan nozitu dute ezkutuan utziak izateko patua. Patu hori zalantzan jartzea eta ezkutaketari buelta ematea da, hain zuzen ere, erakusketaren helburuetariko bat. Horretarako, ordea, hori gauzarazten duten mekanismoetan jartzen du Maite Garbaio komisarioak begia: ezagutzaren sorreran eta ezagutza jakin horren zilegiztatzean eta ondorengo hedapenean.

Horretarako, arte esparruan historikoki zilegiztatze boterea izan duten erakundeetara jo du, museoetara, horietan erakusketen bidez helarazten diren ezagutza eta diskurtso hegemonikoetan eskua sartuz eta, proiektu honen bidez, zalantzan jarriz. Nafarroako Museoan, esku hartze interesgarriak burutu dira bertako bilduman, Nerea de Diegoren edo Mirari Etxabarriren eskutik, esaterako. Azken horrek, Santa Agedaren olio pintura baten gaineko berrinterpretazio esanguratsua egin du bere gorputzetik, gaur egunetik. Barroko garaiko bionbo bat aitzakiatzat hartuz, bestalde, ezagutzaren formak, lekuak eta hauen egileen nolakotasunak zalantzan jarri dituzte, eta, bide batez, beste jakintza eta transmisio mota batzuk plazaratu: natura basatiari loturikoak (Amaia Molineten proiektuan); edo erritmo bizi, ia primitiboen, bidezkoak (Laida Azkona eta Txaro Tolozaren lana).

Hau guztia aprobetxatuz, zilegiztatzeko boterea duten instituzioetan beste arte historia posible bat plazaratzeko aukera baliatu du Garbaiok; Nafarroako artista emakumeen genealogietako bat aurkeztuz, hain zuzen ere. Eta egile horien garrantzia argi gera dadin, beste izen handien parean erakutsi ditu —Oteizaren alboan, esaterako, bere izena duen museoan—. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta hemen ere proiektu interesgarriak ikusteko aukera izanbertan —Lorea Alfaroren, June Cresporen edota Itziar Okarizen lanak adibide—, museoaren eranskin gisa gelditu da erakusketa, museoarekin eta bertako Oteizaren lanekin elkarrizketa zuzenik uztartu gabe. Berriz ere, Oteizaren itzala gailendu da.

Yo, la peor de todas, aldarrikapen irrintzi gisara har daiteke, eta hala hartu beharko genuke, eskubide berdintasunak bermatu eta lortu arte bai ezagutzaren zilegiztatzean, bai transmisioan, bai sortze mailan. Itzal gune guztiak argitu eta, horretarako, horrelako erakusketen beharrik izan ez dezagun arte. Gurariak eskatzeko epeak omen dira Gabonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.