Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Eta orain, zer?

2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Asteazkenean Tabakaleran izan ginen, 2deo ikus-entzunezkoen laborategiak eskainitako lehen diru laguntzekin jasotako uztaren aurkezpenean. Bertan, hamaika proiektu aurkeztu ziren, horietako batzuk telebistarako produktu izan zitezkeenak. Gure kasuan, bideoklip batekin joan ginen; beraz, gure asmoa ez zen aurkezpen horretan agertu zitekeen ekoizle edo telebistaren bati gure ekoizpena saltzea. Hala ere, leku aproposa iruditu zitzaigun sektorean lanean dabilen jende ezberdina ezagutzeko eta horiekin saretzeko.

Askotariko lanak ikusi ahal izan genituen, guztiak baliabide oso gutxirekin eginak, 2deo behar bati erantzunez jaio baita, eta eskertzekoa da, baina ezin du miraririk egin. Ekitaldia amaitzean, gu bezalaxe han zebiltzan sortzaileekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta guztiok berdin gaudela baieztatu genuen. Ideiak ditugu, proiektuak buruan, baina zaila da aurrera ateratzea. 2deoren laguntzez gain, badira sorkuntza beka edo lehiaketa ezberdinak, baina gutxi dira 6.000 eurotik gorako aurrekontuetan sartzeko aukera eskaintzen dutenak. Behin eta berriz errepikatu dizuet euskarak ikus-entzunezko edukiak behar dituela, baina ez dugu halakorik garatzeko ekosistemarik. Gaur egun ETB da halakoak martxan jarri ditzakeen aktore nagusia (beste egun batean hitz egingo dugu nazioarteko plataformez), baina zintzoak izan gaitezen, ETBk egiten duena baino gehiago egin badezake ere, ezin du guztia egin.

Lehen aukera baten bila dabilen jendeak aukerak behar ditu proiektu handietan sartu aurretik trebatzeko eta konfiantza irabazteko, eta gaur egun ez daude. Auzolanaren edo crowdfunding-aren bidetik jo dugu askok, baina bide honetatik egindako lanak hori besterik ez dira proiektu handiagoak finantzatu ahal dituen jendearentzat: lan amateurrak. Aukerarik eskaintzen ez bada anbizio handiagoko gauzak egiteko, zaila izango da halakorik gorpuztea. ETBri erru guztia botatzeari utzi eta egitura berriak artikulatu beharko genituzke talentu berrien proiektuak errealitatera eramateko asmoz. Horretan, eta gure hizkuntzak dirurik ematen ez duenez, instituzioek berebiziko garrantzia eta ardura dute. Tabakalerako ekitaldi horretan, ordea, sortzaileak elkartu ginen; seinalerik ez ekoiztetxe handi, inbertsore, telebista kate edo instituzioen aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.