Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Uda

2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Uztail amaierara iristen ari gara, eta nahiz eta kurtso amaiera aldrebesa izan dugun, badirudi uda uda izango dela beste behin, telebistan, bederen. Oporretan kanpora sekula baino jende gutxiago joango da, eta pentsatu zitekeen telebistek udako programazioaren saskian jarriko zituztela intxaur guztiak, baina ez da horrela izan, ETBri dagokionez, behintzat. Ekainaren 26an aurkeztu zuen Euskal Telebistak udako programazioa. Lehen katean, Joseba Argiñanoren saio berria (Sukalerria), Julian Iantziren COVID aroko saioa (Udak dakarrena) eta Aritz Adurizen inguruko dokumentala dira plater nagusiak. Bitxia da, baina atzo bertan ikusi zitezkeen hirurak 13:15ean, 21:30etan eta 22:30etan. Bigarren kateari helduz, proposamenak aurreko astean hizpide izan nuen El Club del Tupper, garai hauetan ohikoa den A Bocados verano eta Que me estás contando magazinaren udako bertsioa izango dira. Horretaz gain, informazioa, entretenimendua eta zuzeneko emanaldiak izango omen dira ETBren bi kateen ardatza.

Behin baino gehiagotan idatzi dut txoko honetan haurtzaroan markatu ninduten euskarazko marrazki bizidun edo produkzio propioko saioez. Nola erakutsi ziguten aisialdia ere euskaraz izan zitekeela, sorkuntzak, istorioak kontatzeak gure hizkuntzan ere bide izan zezakeela. Gure iruditeria eratu eta euskalduntzen lagundu ziguten, eta onartuko dizuet, beste behin, nostalgiaz gogoratzen dudala hura guztia.

Hala ere, ez dira haiek gure garunetan marka utzi zuten saio bakarrak. Udako programazioa ere oso garrantzitsua da bi hilabetez eskolara joan behar ez diren txikientzat are gehiago egun bizi dugun egoerarekin, eta kasu horretan, nire oroitzapenak saio espainiarrenak dira. Bereziki, gaur egun ikusiko banu, ziur, auzo lotsa emango zidan zoldaz betetako El Grand Prix del Verano etortzen zait burura, baina baita, eta bereziki udan izan behar ez zuten baina honekin estuki lotzen ditudan, Qué apostamos edo El gran juego de la Oca ere. Ez naiz esaten ari halako zerbait euskaraz egin beharko genukeenik, baina bai entretenimendu klase hori gure hizkuntza, mezu eta iruditeriara ekartzea interesgarria izango litzatekeela. Etorkizunean hemen bertan idatziko duen telebista kritikari gazte horrek saio horiekin matraka eman diezazuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.