Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Fikzioaren errealitatea (II)

2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Beste urte batzuetako distirarik gabe akaso, baina aurten ere presentzia handia izango du eskarazko zinemagintzak Donostiako Zinemaldian, eta berriro ere entzungo dugu euskal zinemagintza osasuntsu eta indartsu dagoela dioen mantra goxoa.

Baina nork bere bere obsesioak eta deformazioak dauzka mundu honetan, eta barkatu beharko dizkidazue nireak. Nik ezin dut saihestu euskal zinemagintzari euskal literaturarekin alderatuta begiratzea, eta euskal zinemagintza oso ahul dagoela iruditzen zait, euskal literatura baino askoz ere ahulago, behintzat.

Ez naiz esaten ari euskarazko filmak euskal literaturako liburuak baino kalitate gutxiagokoak direla; ezin naiz sartu horrelako konparazioetan, eta sartzen banaiz berehala aipatuko dit bakarren batek azken urteetan euskarazko film batzuek gure artean ez ezik gure mugez kanpo ere izandako arrakasta.

Kalitate kontua baino gehiago, kantitate kontua da. Euskal literatura esparru guztietara iritsi da; euskal zinemagintza, aldiz, sakon begiratzen baldin bazaio, salbuespen miragarrien bilduma bat da funtsean.

Zinema, edo ikus-entzunezko fikzioa oro har, euskaraz ikustea maite duenak ez dauka urte osoan kontsumo erregular bat izateko adina bazkarik. Literatura euskaraz irakurtzea maite duenak, aldiz, denbora libre asko beharko du eskaintza osoaren—euskaraz sortuaren zein itzuliaren— laurdena irakurtzera iritsiko bada.

Badakit ezin dela konparatu film bat ekoizteak duen kostu ekonomikoa liburu bat argitaratzeak daukanarekin, baina asko lagunduko luke euskaratutako film eta telesail gehiago ikusteko aukera izateak, ETB1ek behiala hartu eta gaur egun ia guztiz utzia duen bideari berriro ganoraz ekiteak.

Beharbada ez dute ikusle kuota handirik izan euskaraz azpidatzitako edo bikoiztutako fikziozko ikus-entzunezkoek —helduentzakoak ditut batez ere buruan, Merlí, adibidez—, baina itzulpenarena, literaturaren kasuan ikusi den bezala, ez da bat-bateko arrakastaren bidea, epe luzeko estrategia baizik, eta, nire ustez, ikus-entzunezko fikzioa euskarara itzulita normaltasunez ikusten ez dugun bitartean euskal zinemagintza osasuntsu eta indartsu dagoela esatea autokonpla- zentziazko irudikeria baino ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.