Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hondorik gabeko gaian sakontzen

2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Saioak arazoa ikusleari oso ondo gerturatzen dion arren, arazoan—53 minutuk ahalbidetzen duten neurrian— dezente sakontzen badu ere... zein urrun geratzen den ikuslea galdera guztiei erantzuna aurkitzetik eta gaiaren sakoneraino heltzetik ETB1en joan den astearteko Ur handitan ikusi eta gero, Mugan izenburukoa, Afrikatik Europara migratu eta klandestinoki, Bidasoa zubiz edo urez zeharkatuz, edo, bestela, mendiz, ahal den moduan, Espainia eta Frantzia arteko muga igaro nahi dutenei buruzkoa. Ondo egindako lana izan da Ur handitan-en denboraldiko azkena, aurreko gehienak bezala, aberatsa eta onesta, baina hura ikusi eta gero nekeza da, ezinezkoa, geografikoki hain gertu dugun drama hori gertutik eta ondo ezagutzen dugula eta horri buruzko ideiak argi ditugula sentitzea.

Kontu batzuk nahiko argi gelditzen dira hala ere edonorentzat. Adibidez, egoera gogor horretan heltzen direnei ahal duten laguntza, babesa eta giza beroa ematen saiatzen direnen meritua eta haiei zor zaien esker ona. Oihana Galardi eta Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak, Paxkal Aprendistegi, Mikel Erkiaga eta Aintzane Lasarte agertu ziren asteartean pantailan, baina beste askoren ordezkaritzat jo daitezke. Bejondeiela! Eskertzekoak dira Ibrahime Diallo eta Ali migrante ohien eta Ginea Konakrytik heldutako gazte anonimoaren lekukotasunak ere. Eta ez da erraz ahaztekoa Tom Dubois polizia ohiak, barrutik ezagutu zuenean oinarrituta, Frantziako Poliziaren jokabideari egiten dion kritika zorrotza.

Politikariek nahi duten arte iraungo du egoera tamalgarri horrek, Aprendistegik, erreportajean Bidasoaren erditik mintzo, dioenez. Erkiagak ere, hainbaten babesleku bilakatu den bere etxeko salatik, dei egiten die agintariei, esanez ezinezkoa dela horrela jarraitzea, alferrik dela migratzaileen mugimendua bortxaz eta gizatasunik gabe geldiarazten saiatzea, aldatu behar direla legeak, jarrerak eta jokabideak. Ez dute arrazoi faltarik hori esateko, baina ez dugu ahaztu behar herritarrok ematen diegula, neurri handi batean bederen—gogoz kontra batzuk eta batzuetan, baina ez denok eta beti—, zilegitasuna eta indarra politikari eta agintari horiei, eta mugan gertatzen ari den horrek gu nolakoak garen eta zertan ari garen ere islatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.