Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Animaliak

2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Etxean ez genuen sekula VHS irakurgailurik izan. Telebista txiki bat bai, ordea. Eta garaiko bideo-irakurgailu hegemonikoaren partez, formatu alternatiboa: disko handi-handiak —biniloen gisakoak— abiarazten zituen Laser Disk izenekoa. Bazuen traba bat, hala ere: ez zen batere erraza film berri samarrak formatu horretan eskuratzea. Ez dendetan, ez bideoklubetan ere. Azken nobedadeak ikusten zituzten eskolako lagunek; nik ez nuen apalategian pilatutako ale bakanak behin eta berriz behatu beste aukerarik.

Eta zer ote zegoen, bada, apal horretan? Bazter batean, Disneyko film gutxi batzuk —Aladdin, Dumbo, Edurnezuri— eta segidan, apalaren gainontzeko zati osoa hartuz, National Geopraphic-en dokumental sorta zabal bat. Ondo oroitzen badut, bi tankeratakoak genituen bertan: haurrentzat egindakoek osatzen zuten multzoa, batetik; eta bestetik, Jackes Cousteauk zuzendutako itsaspeko dokumentalen saila. Dozena bat aldiz ikusiko nuen haietako bakoitza: irrikaz eta pantailari pega-pega eginda.

Handitzean «animalien dokumentalak» eginez bidaiatzeko ametsarekin hazi nintzen, beraz. Denborak —eta gurasoek DVD-irakurgailua erosteak— biologiatik urrundu ninduten gero; baina oraindik ere, ezin dut haurtzaroaren oihartzun hori gainetik kendu: natura erakusteko egindako filmek lilura berezia pizten didate. Harro diot, gainera: Netflixeko Our Planet sailaren —edo antzekoen— edertasunak kitzikatzen ez bazaitu, barrutik hilda zauden seinale.

Horregatik hunkitu nauETBren Nahieran atarian Natura bizia dokumentala aurkitzeak. Pentsa: ezin izan diot eutsi egiten ari nintzena utzi eta kolpetik ikusteko tentazioari. Lexeia Larrañagaren zuzendaritzapean, Euskal Herriko fauna eta paisaia deigarrienak erakusten dituen film dotorea osatu dute. Harritu egin nau, gainera: askok uste dezakeena baino luzeagoa da ageri diren animalien zerrenda —izurdeak, balea, hartzak, oreinak, belatza...— eta batez ere, espero baino finagoa da teknikoki. Irudien kalitateak eta une bereziak harrapatzeko gaitasunak aipamen berezia merezi dute. Akaso narrazioa izan zitekeen apur bat fresko edo apurtzaileagoa, baina baliteke inbidia hutsetik egindako iruzkina izatea. Nork ez du izan nahi Jacques Cousteau Euskal Herriko paisaietan barrena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.