Amerika Kopa

Zauriak itxi nahian

Bihartik uztailaren 7ra, 46. Amerika Kopa jokatuko dute Brasilen. Etxeko selekzioa da faboritoa, eta haren atzetik ageri dira Argentina, Txile, Uruguai eta Kolonbia

Zauriak itxi nahian.
enaut agirrebengoa
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Nazioarteko futbolaren arreta gune nagusia Frantziako eta Bretainiako Munduko Kopan dagoen honetan, Brasilen Amerika Kopa hasiko da bihar goizaldean. Hamabi talde ariko dira selekzioen arteko txapelketarik zaharrenean. 1916an jokatu zen aurrenekoz, eta aurtengoa 46. aldia izango du. Brasil da txapeldun izateko faboritoa, etxeko taldea izateaz landa indartsuena ere bai baita. Edonola ere, badira Titeren taldeari festa zapuztu diezaioketen selekzioak; nagusiki, Argentina, Uruguai, Kolonbia eta Txile, azken bi ekitaldiak irabazi dituen taldea. Koska bat beherago, baina ezustekoa emateko ilusioarekin, Peru eta Venezuela daude. Aukera gutxiago dute Paraguaik, Ekuadorrek eta Boliviak. Bestalde, Asiako konfederazioko bi selekzio ariko dira gonbidatu gisa: Japonia eta Qatar.

Brasil azken urteetan hartutako kolpeak goxatzen ahaleginduko da. Gogorrena orain bost urte hartu zuen, berak antolaturiko Munduko Kopan. Futbolaren historiara pasatu da finalerdietan Alemaniak eman zion jipoia (1-7). Canarinha-k hamabi urte daramatza trofeorik altxatu gabe, 2007an Amerika Kopa irabazi zuenetik. Idorte handia da munduko selekziorik loriatsuenarentzat. Titek dauka piztia lokartua esnatzeko ardura. 2016an hartu zuen kargua, eta haren agindupean emaitza onak lortu ditu Brasilek: 27 garaipen, bost berdinketa eta bi porrot 34 neurketatan, 71 gol sartu eta soilik 10 jasota. Ordea, kale egin zuen egiaren tenorean, iaz, Errusian, Munduko Kopan. Final-laurdenetan kanporatu zuen Belgikak. Beraz, Titeren taldeak ezin du huts egin.

Bere izarrik distiratsuena gabe helduko dio erronkari. Hondoa jo du Neymarrek. Batetik, ustez bortxaketa bat egin duelako salatu dute; eta, bestetik, orkatilako lesio batek Amerika Kopatik at utzi du. Hala ere, kalitatea sobran du Brasilek. Neymarren lekukoa Coutinhok hartu beharko luke, Bartzelonan ematen ari den itxura hitsa alde batera utzita. Haren alboan, jogo bonito-ari gorazarre egiten saiatuko dira Firmino, Richarlison, Willian, Gabriel Jesus eta Arthur. Jokoa eraisteko ardura, berriz, Casemirok, Fernandinhok, Thiago Silvak, Maquinhosek eta Mirandak izango dute. Oso talde orekatua da. Nagusi izan beharko litzateke A multzoan; Peru, Venezuela eta Bolivia izango ditu aurkari.

Argentinak ere badu ukendu baten beharra. Brasil baino are lehorte luzeagoa ari da nozitzen: 26 urte dira azkenekoz nazioarteko txapelketa bat irabazi zuela. Zama hori, gaur-gaurkoz, Leo Messiren bizkar gainean dago. Askorentzat inoizko jokalaririk onena dena gogor kritikatu ohi dute bere herrialdean. Selekzioa garaipenerantz gidatzeko ezintasuna leporatzen diote. Beti du gainean Diego Maradonaren itzala. Zorra kitatzear izan zen 2014 Munduko Kopan, baina garaipen preziatuak finaleko luzapenean egin zion ihes Argentinari. Iaz, berriz, final-zortzirenetan esan zuen agur.

Eskuarki, Messik Bartzelonan ahaztu izan ditu Argentinarekin izandako nahigabeak. Orain, ordea, kontrako egoeran dago. Izan ere, sasoia erabat atsekabetuta bukatu du Kataluniako taldean, Espainiako Kopan eta, batik bat, Txapeldunen Ligan estropezu mingarriak izan ostean. Aringarria litzateke Amerika Kopa irabaztea. Azken bi ekitaldietan txapeldunorde izan da Argentina, finalak penaltietan galduta. Belaunaldi aldaketa baten erdian eta Luis Scaloniren esanetara helduko da aurtengora.

Uruguairen joa

Kolonbia aurkari gogorra izango da Argentinarentzat B multzoan. Lehen azterketa izango du Carlos Queirozek kolonbiarren aulkian. Eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen dituzten jokalariak ditu. Talde oso erasokorra da, Jameseta Falcao ikur dituena. Defentsan, ordea, ez du hainbesteko bermerik eskaintzen. Azken bi Munduko Kopetan izan ostean, Amerika Kopan urrutira iristen saiatuko da. Argentinaz gain, Paraguai eta Qatar izango ditu aurkari ligaxkan.

Uruguai da C multzoko talderik indartsuena. Beste ezein selekziok (hamabost), eta, era berean, badu gaia garaipenen zerrendari beste ale bat gehitzeko. Oso aro egonkorra ari da bizitzen Oscar Washington Tabarezen aginduetara. Aurrealdean hirukote beldurgarria du: Luis Suarezek, Cavanik eta Stuanik osaturikoa. Golak bermaturik ditu. Atzean, berriz, eskarmentu handia du; zelai erdian falta zaion hori. Uruguairen nagusitasuna ezbaian jartzen saiatuko da Txile. Azken Munduko Koparako sailkatu ez bazen ere, ezin daiteke bazter utzi, azken bi ekitaldiak irabazi baitzituen.

Final-laurdenetarako sailkatuko dira hirugarren postuan bukatzen duten bi talde onenak. Hori nahi dute Japoniak eta Ekuadorrek C multzoan, eta Paraguaik eta Qatarrek B multzoan. A multzoan, berriz, Peru eta Venezuela Brasilen atzetik sailkatzen saiatuko dira. Boliviak ez du ia aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.