Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Frikiak eta Geekak

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ostegun eder hau (ez dakit hala den, asteazkenean ari naiz hau idazten) telesail klasiko zein eder batez hitz eginez baliatu nahiko nuke —hori badakit hala dela, niretzat bederen, ikusia baitut, nola idatzi bestela zutabe bat haren inguruan? Edo?—. Tira, telesail klasikoa... eta baita «kultukoa» esaten den horietakoa ere, ia, halakoak existitzen ez ziren garaietakoa hain zuzen ere. Gaur, beste behin, 1990eko hamarkada ahantzi zein zirraragarria berreskuratu nahiko nuke —hamarkada horren aldeko manifestu bat idatziko dut egunen batean, nahikoa da!—. Gaur Freaks and Geeks telesailaz arituko naiz.

Ezin Weir familiaz eta haren inguruko nerabe unibertsoaz hitz egin Judd Apatow aipatu gabe, eta hasieran egin nahiko nuke, oso nahasiak baitira sortzen dizkidan sentsazioak. Zalantzarik ez dago ekoizpen kopuru izugarria duela; zuzendari, idazle, ekoizle, eta baita aktore moduan ere. Hala ere, haren filmografia ikusita... Are gehiago, tartean galduta, harribitxi bakan batzuk topatzen ditudanean. Zertarako galdu denbora Seth Rogen, hamar milagarren aldiz, porru bat erretzen jartzeko, horrelako gauza ederrak egin baditzakezu? Tira, uste dut erantzuna ezagutzen dugula Judden beharrik gabe.

Freaks and Geeks da horietakobat; askoren ustez, lehena, eta agertzen diren aktoreen laguntzarekin, etorkizunean landuko zuen, eta hasieran aipatu dudan, nerabe unibertsoaren erditzea. Freaks and Geeks nerabeentzako telesail bat da, berez. Hain ona da, ordea, noizbait nerabe izan garen guztiontzat balio du—badira sekula nerabe izan ez direnak ere, egin kasu—. Umore tonuan, nerabe talde baten gorabeherak kontatzen ditu, hiru zatitan eta denboraldi bakarrean. Planteamendua sinplea da, oso, horregatik du duen meritua halako telesail orekatua eta eraginkorra sortzeak.

Lehen kolpean bat baino gehiago zur eta lur utziko duen kontu bat ere aipatu nahi dut: aktore zerrenda. Rol nagusia duten zazpi aktoreetatik zazpiak ikusi dituzue berriz nonbait. Gaur egun —kasu batzuetan oso ondo ulertzen ez badut ere— mundu mailako izarrak dira James Franco, Jason Segel eta Seth Rogen. Ni hala ere, Linda Cardelliniren eta Martin Starren lan bikainekin geratuko naiz. Zeren zain zaudete? Segi ikustera eta itzuli nerabetasunera, 18 ataletarako bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.