Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Telebista berria

2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Telebistaren izaera berriaz aritu naiz behin baino gehiagotan tarte honetan. Zer da telebista gaur egun? Telebista kateak bakarrik? Eta telebista kateen nahierako zerbitzuak? Baita ere? Orduan plataformak ere bai, edo? Betiko rolloa, badakizue dagoeneko. Errepikatu dizuet, baita ere, niretzat, telebista, trastea bera dela, eta telebistako edukitzat dudala bertan ikus dezakedan edozer gauza.

Horrek asko zabaltzen du telebistaren eskaintza, eta, ondorioz, baita telebista kritikari batek landu dezakeen eduki sorta ere. Hainbeste, guztiok dugun kuadrillakoen pisu horretan, aurrekoan, itxialdiaren amaiera ospatzeko-edo antolatu genuen bazkarian jarri zigun familiaren azken oporraldiko argazkiekin egindako bideoa —edo, hau ere— izan nezakeela hizpide gaurko Ekografiak honetan. Bai, gaur egun, unean bertan, USB batean gainean eraman gabe ere, edozein eduki bidal dezakezu telebistara teknologia berriei esker—eta zure lagun kutunenak torturatu, bide batez—.

Sakelakoa eta telebista wifi sare berean egonda, aspalditik eskaintzen du Youtubek aukera hori. Ikaragarri praktikoa da, eta orduak eta orduak igaro ditzakezu film laburrak, elkarrizketak edo bideoklipak ikusten—edo zuek Youtuben ikusten duzuen dena delakoa—. Klasiko bat bilakatu dira dagoeneko (eta normaltasun berriari esker, are gehiago), bakoitzak zerrendara gehitutako bideo errenkada amaiezinekin girotutako lagun arteko festak.

Hori, Youtube erabiliz! Gaur egun, eta traste txiki baten laguntzarekin, Youtubetik kanpo ere, sarean topa dezakezun guztia bidali baitezakezu telebistara. Streaming bidezko kontzertuak ugaritzen ari diren garai hauetan, jardunaldi zein hitzaldi digitaletan biderkatuko diren, eta badatozen garai berri hauetan, ohikoagoa izango da egunero sakelakoan ditugun edukiak telebistara bidaltzea. Aste hauetan, adibidez, Egunean behin euskarazko galdera-erantzun joko arrakastatsua Internet bidez eskaintzen ari da asteazkenero jokoan zuzenean parte hartzeko aukera. Eta zer nahi duzue esatea? Telebista pantaila eder batean, askoz gehiago gozatzen da edozer gauza, sakelako telefonoko pantailan baino. Mundua aldatuz doalako, baina telebistak egongelako zentroa izaten jarraitzen du. Oraingoz, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.