Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Mamuak

2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ikaragarri gustatu zitzaizkidan The Sinner telesailaren lehen bi denboraldiak. Netflixek estreinatu zuen lehena 2017an, Petra Hammesfahr idazle alemaniarraren nobelan oinarrituta. Telesailaren ekoizleetako bat ere baden Jessica Biel izan genuen lehen denboraldi hartako protagonista, eta nahiz eta bera zen pertsonaia nagusia, aktore zerrenda osoaren lana nabarmentzekoa izan zen. The Sinner-en garrantzi berezia dute trama psikologikoek eta buruko gaitzek, eta horrek oso lortua dagoen itotasun sentsazio oso indartsu bat ematen dio kontakizunari.

Lehen denboraldi hartako istorioa hasi eta bukatu egiten zen. Hori dela eta, asko harritu ninduen bigarren denboraldi bat egongo zela jakiteak. Askotan, hobe izaten da ondo amaitutakoa bakean utzi eta aurrera jarraitzea, baina telesailak bilakatu diren dirua egiteko makina zaila da geratzen The Sinner-ek lortutakoa bezalako arrakasta lortzen dutenean. Albiste hura irakurtzean, beldurra izan nuen ordura arte egindakoa zapuztuko ez ote zuten. Ba ez, oker nenbilen. Kasu artegatu hura ahaztu, eta ikerketaren arduraduna zen Harry Ambrose polizia traumatizatuaren pertsonaiaren inguruan hasten da dantzan telesaila bigarren denboraldi horretatik aurrera.

Bigarren denboraldian, lehenengoan ondo funtzionatutako tresna eta baliabideak bikain erabiltzen dituzte, eta beste behin, produktu borobil bat eskaintzen digute. Oraingo honetan, Bill Pullmanek gorpuzten duen Ambroseren mamuak lehen lerrora ekarrita.

Hirugarren denboraldiak bide logiko horri jarraitzen dio, eta ikertzailearen mundu ilunean jartzen du arreta. Aktore lana bikaina da beste behin (Azti Matt Bomerrekin), baina sentsazioa dut norabidea galdu eta eskua joan zaiela. Horretaz gain, nahiz eta aktore lana bikaina den beste behin, kasu edo trama nagusia herren geratzen delakoan naiz aurreko biekin alderatuz.

Lehen ataletik, zerbait falta den sentsazioa izan dut, eta inongo unetan ez dut aurreko bietan sentitutako jakin-mina sentitu gertatu denaren inguruan. Halako telesailetan beharrezkoa da ikuslea kateatuta mantentzea eta lan horretan kale egin dutela esango nuke. Berriz erratzeko arriskua badut ere, apustu egingo nuke ez dela laugarrengorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.