Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hitzokei

2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Noan zaharrunoaren ahotsetik hitz egitera. Hitzokei izenak esaten dizue zerbait? Hitz-jokoa da, baina baita gehiago ere. Twitterren duela hamarkada luze bat hasi ginenok aise identifikatzen duguna. Hiruzpalau urtez garai hartako txiolarion —ez ginen horrenbeste ere— jolas gogokoenetako bat bihurtu zen, nork bere ustezko ingenioa erakusteko aitzakia. #Hitzokei traola jarrita, eta hitz bati letra bat edo parea aldatuta, esanahi berriak ematen ahalegintzen ginen. Adibide batekin ulertzen da ondoen: «Zer da poz-ohia? Nostalgikoaren galbidea». Mikel Iturbek asmatu omen zuen jolasa, eta Julen Ruiz garatzaileak hiztegi funtzioa zuen webgunea sortu. Bertan pilatzen dira, automatikoki traola hori darabilten definizio berriak. Martxan da webgunea oraindik. Hitz joko kaskarren faltan bazabiltza, nekez aurkituko duzu biltegi hoberik.

Bada, kontua da Hitzokei ez dela, honezkero, hori bakarrik. ETB1ek ikasturte honetan jalgi duen saio berriaren izena ere bada. Telebistara itzuli den Urko Aristi du aurkezle, eta Ilaski Serrano gidari zuen Ahoz aho ordezkatzeko funtzioa du. Serranok, bestalde, Mihiluze eta Artefaktua literatur saioa aurkeztuko ditu aurten.

Ezaugarrietan oso bertsuak dira bi saioak, jatorrizkoak zuen egitura eta gonbidatuak mantendu baitituzte. Euskal artistek, akademikoek edo zientzialariek euren jardunaz patxadaz eta arretaz entzungo dituen kazetari batekin aritzeko parada izaten segituko dute. Pentsa: mantentzen hasita, baliatu dute Twitterren Ahoz aho-k zuen kontu zaharra ere. Eta ez da, egia esan, hautu txarra. Txori urdinaren sarean aspaldi gabiltzanok badakigu zein nekeza den orain —lehengoarekin alderatuta— komunitate berri bat osatzea hutsetik. Ahoz aho-k —sarean zein pantaila parean— zituen jarraitzaile guztiek gustura hartuko dute Hitzokei.

Itxura berritua da, beharbada, arreta bereganatzen duena. Eta ez naiz (soil-soilik) Aristiren bizarraz ari. Baliabide grafiko organiko baina koloretsuekin ETBn ikus daitekeen proposamen estetiko finena osatu dute. Eskertzekoa da. Inor gutxi harrituko duen saioa da Hitzokei, baina ETB1ek zuen saio borobilenetakoari segida emate hutsak bere meritua du. Bakarra da eskakizuna, jarritako izenari omen eginez, hitz-joko kaskarrei merezi duten lekua eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.