EKOGRAFIAK

Burkina Faso

Miren Manias -

2018ko ekainak 27
Munduko kultura eta hizkuntza orok du autoerrepresentaziorako eskubidea. Ez dut nik esaten, aniztasun kulturala babesteko eta bultzatzeko Unescoren 2005eko konbentzioak baizik. Nazioarteko hitzarmen bat da, sortzaile eta profesional artistikoen kultur jarduera legalki bermatzeko. 2007an sartu zen indarrean, eta 56 estatuk berretsi zuten; ordutik, 60 kide berri batu zaizkie. 4. eta 6. artikuluen arabera, sinatzaileek kultura adierazpenen produkzioa, distribuzioa eta kontsumoa bultzatuko dituzte; besteak beste, nazio mailako hedabide eta komunikazio teknologien bitartez.

Afrikak autoerrepresentazio eskasia du. Hala dio Gaston J. M. Kabore zinemagile afrikarrak. Haren arabera, afrikar gazteen imajinario soziala kanpotik heldutako ikus-entzunezko edukiek hartu dute, eta arrisku larria dago herrialdearen etorkizuna beste norbaitek zuzentzeko. Horregatik sortu zuen Uagaduguko (Burkina Faso) Institut Imagine izeneko zinema eskola; burujabetza eta autoerrepresentazio moduak irakasteko ikus-entzunezkoen bitartez. Bereziki jende gaztearen artean. Ikasketa zentroaren helburua da afrikar gizartearen ikus-entzunezkoen ezagutza eta kritika gaitasuna indartzea.

Hizkuntzak afrikar kultura ondarearen funtsezko elementu dira. Arabiera, bambara, haussa, mooré, fulfulde, swahili, yoruba eta zulu hizkuntzetan bilerak, eztabaida saioak, ikastaroak eta klase praktikoak antolatzen dituzte, besteak beste. Tartean, ospe handiko nazioarteko irakasleak ere gonbidatzen dituzte; esaterako, Mette Hjort, zinema txikietan aditua. Kaborek uste du garaia dela Afrikak istorioak kontatzeko modu propioak bereganatzeko: «Bestela, identitate nazionala galduko da». Dioenez, jada zaila da hitz egitea Afrikaren nortasuna eraikitzen duten zinema arauez eta ezaugarriez.

Afrika munduaren kultura aniztasunaren zati da. Ez dut nik esaten, Unescok baizik. Horregatik, izan behar du eginkizunik etorkizuneko mundu proiekzioan. Kaboreren ikasketa zentroa, hain zuzen ere, saiatzen da egungo gazteei konfiantzazko mezua helarazten; izan ere, lan aukerak egon badaude herrialdeko ikus-entzunezko sektorean. Baita istorio propioak ere. Institutuaz kanpo, Burkina Fasoko bost herritako 50 lagun trebatu dituzte telebista, zinema eta multimedia sektoreetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna