Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Ideiarik ez

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Glasgown bizi garen lagun guztiok esan diogu elkarri agur. Euskal Herrira itzuli gara gehienok, Gabonetako oporrak familia giroan pasatzeko. Txalapartaz, eskusoinuaz, euskal kantuez eta guk egindako jakiekin ospatu genuen Eskoziako azken gaua. Noski, brexit-a ere mahai gainean izan genuen. Azken hilabeteetan, elkarrizketa guztietako eztabaidagai nagusia izan da. Jendeak —eta telebistak— ez du beste ezertaz hitz egiten, eta, egia esateko, inork ez daki zehazki zer gertatuko den martxoaren 31tik aurrera. Hurrengo egunean sartuko da indarrean brexit-a, Erresuma Batuak Europako Batasunarekin akordiorik izan ala ez.

Kezkarik handiena da baldintza berdintsuetan bertan bizitzen jarraitzeko aukera izango dugun. Bakoitzaren egoera, gainera, ezberdina da; lagun batzuk orain dela gutxi iritsi gara, baina beste batzuk 30 urte baino gehiago daramatzate Eskozian. Areago, seme-alabak izan dituzte batzuek, eta, oraindik, ez dakite bertan geratzerik izango duten brexit-arekin. Gurasoak EBkoak izanik, Londresek ez die herritartasunik ematen herrialdean jaiotako haien haurrei.

Erresuma Batuaren eta Bruselaren etorkizuneko harremanaz ez dugu gauza gehiago jakingo datorren urtarrilera arte. Orduan bozkatuko dute Theresa Mayren azken lankidetza proposamena, Komunen Ganberan. Baina gu ez gara bakarrak zehaztugabetasun politiko horretan gaudenak. Besteak beste, Erresuma Batuko ikus-entzunezko sektorea aurrera eta atzera egin ezinik dabil. Alde batetik, Europako Batasuneko diru laguntzak jasotzen jarraitzea zalantzagarri dago, eta inoiz baino garrantzitsuak dira horiek. Bruselarekin akordiorik lortu ezean, brexit-aren trantsizio aldia amaituta, britainiar ikus-entzunezko produkzioa Creative Europe kultura sustatzeko programatik kanpo geratuko da. Beste alde batetik, profesional teknikoen eta artistikoen mugimendu askatasuna etengo da Erresuma Batuak Europako Batasuna utzitakoan. Akordiorik bada, adostutako baldintzetan bidaiatzeko aukera izango da 2020ra arte; bestela, 2019ko martxoaren 31 izango da orain arte moduan bidaiatzeko britainiarren azken eguna. Baldintza berriak Immigrazioaren Liburu Zurian argitaratuko dira laster.

Tira, espero dut datozen egunetako galdera izarra ez izatea, ez baitut ideiarik zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.