EKOGRAFIAK

Nortasuna oharkabean

Miren Manias -

2019ko maiatzak 29
Hauteskunde osteko telebista saioez aspertuta daudenek Undercover (2019) telesaila ikusi beharko lukete. Belgikaren eta Holandaren arteko koprodukzioa da, Netflixentzat egina. Jatorrizko hizkuntza nederlandera du; Frantziako, Belgikako eta Herbehereetako hainbat eremutan hitz egiten dena, hain zuzen. Guztira, 6,5 milioi hiztun zenbatu ziren 2016an. Telesaila ez da munduko beste ezer, baina thriller entretenigarria da. Herbehereetako eta Belgikako mugaldean bizi den estasi trafikatzaile baten benetako istorioan oinarrituta dago. Polizia sekretuko bi lagun haren bizitzan sartzen dira, droga operazio batean atxilotu ahal izateko. Telesailaren gidoilariek agente sekretu ohi batzuk elkarrizketatu zituzten, ahalik eta sinesgarritasunik handiena islatzeko.

Undercover-ekin batera, jada lau telesail izan dira nederlanderaz ikusgai Netflixen: Tabula rasa (2017), Hotel Beau Séjour (2016) eta Code 37 (2009). Azken urteetan, gero eta gehiago dira hizkuntza ez-hegemonikoetan ekoiztutako telesailen eta filmen eskaintza plataforma horretan; euskarazko Handia (2017), kasurako. Esango nuke aukera garrantzitsua dela beste hizkuntza batzuk ikasteko eta kulturak ezagutarazteko. Baina zenbateraino ezagutzen du audientziak ikusten duen edukia? Undercover-en fitxan, Netflixeko Erresuma Batuko edizioan, ez da adierazten zein hizkuntzatan grabatu zuten. Ezta zein herrialdetan ekoiztu den ere. Areago, Google-n bilaketa sinple bat egiten baduzue, kostata aurkituko duzue telesailaren jatorrizko hizkuntza. Atzo, hogei minutu behar izan nituen informazio hori egiaztatzeko.

Netflixek De Mensen ekoizpen enpresa nederlandarra eta Dutch FilmWorks eta VTR banatzaileekin lan egin du telesail horretan. Zergatik jarri diote ingelesezko jatorrizko izenburua, orduan? Xabier Berzosak, Moriartiko ekoizleak, egunkari honetan honakoa adierazi zuen iaz: «Ez badugu lortzen filmei nortasun propio bat ematea, Euskal Herritik kanpoko ikusleak ez du jakingo Handia katalogoan dagoela. Hainbeste aukera dago, eta hainbeste estreinaldi egiten dituzte astero... Ez baduzu lortzen zure pelikulari nortasun bat ematea, oharkabean pasatuko zara». Netflix bezalako erraldoiek ikusgarritasun aukerak ematen dizkiete txikiei, baina, izenik eta bereizgarririk gabe, arriskuak ere egon litezke.