Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskarazko kate txikiagoa

2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Balio izan du Euskaraldiak? Egindako ikerketaren arabera, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak emaitza onak izan ditu. Parte hartzaileek azaldu dute euskaraz gehiago egiten dutela Euskaraldiaren aurretik baino. Gainera, proportzioan aldaketa handiagoa jaso da eremu erdaldunetan. Orain, erronka nagusia izan liteke Euskaraldia ospatzen ez den egunetan erabilera horri eustea.

Emaitzek erakutsi dituzte, bestalde, hainbat hutsune. Horietako bat komunikazioan egon da. Ez dira iritsi sektore guztietara, eta askok ez dute ondo ulertu ariketa. Beste hutsuneetako bat da erakundeek «urrats gutxi» egin dituztela. Alegia, herritarren eta erakundeen parte-hartze maila desorekatua izan da. Eta Euskaraldiaren izaera, izatez, elkarlanezkoa da. Logikoa ere bada hori. BERRIAk argitaratu duenez, «gero eta indartsuagoa sumatzen da euskaraz bizitzeko herri gogoa». Hala adierazi du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak.

Gure ama, adibidez, euskara ikasten hasi zen erretiroa hartu zuenean. Erakundeak erabiltzen ditu euskara praktikan jartzeko. Azken errenta aitorpena egin zuen euskaraz, kasurako. Euskal Telebista ere erabiltzen du euskara maila hobetzeko. Gustuko dituen saioen artean dago ETB1eko Gure Kasa. ETB2 gehiago ikusten du, ordea, eskaintza aldetik programazio hobea duelako. Printzipioz, beraz, hizkuntza ez da oztopo. Arazoa, esango nuke, euskarazko kateari garrantzi txikiagoa ematen diotela da.

ETBri buruz, Iker Galartza aktoreak egindako gogoeta ekarri nahi dut hona: «Diru gutxi dago, baina zergatik gastatu behar dugu Conquis bat egiten ez dakit nongo puntan? Eta gero, zer dago ETB1en, euskarazko produkzioan? Zergatik ematen zaio euskarazkoari hain garrantzi txikia? ETB1 da izan beharko lukeena baino askoz txikiagoa». Bertan lanean egondako gutxik hitz egin ohi dute hain argi ETBri buruz.

Datu objektiboa honako hau da: irailaren 14an eta 15ean, gaueko Gaur Egun-ek hamabi minutuko iraupena izan zuten. Nahieran ikusgai dituzue. Ez da lehen aldia hori egiten dutena, halere. Jakina da ETBko gaztelaniazko albistegiek 13,9 puntu gehiago lortzen dituztela euskarazkoek baino. Baina euskarazko telebistari garrantzi txikiagoa ematea euskal hiztunak gutxiestea da. Euskaraz bizitzeko baldintza egokiak ez sortzea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.