EKOGRAFIAK

Larunbat goiza, errepikapenetan

Mikel Alvarez -

2019ko urriak 24
Pasa den asteburuan telebistaren aurrean jarri nintzen aspaldiko partez larunbat goiz batean. Nagikeria sortu zidan telesail bat jartzeak, eta urteetan zehar kirol nagusi izan nuen zappinga egiteari ekin nion (ba kirola da baita ere, aizue!). Eskuragarri nituen kate guztien artean pare bat buelta eman ondoren, ETB2n topatu nuen nire arreta bereganatu zuen saio bakarra: Juego de cartas jatetxe arteko lehiaren Erriberako atala ematen ari ziren.

Pentsatu nuen errepikapena zela, eta, kritika idazten hasi aurretik, zehazki noizkoa zen begiratu nahi izan dut (badaezpada ere). Nahieran torturatzen zaituen webgune horretan murgildu eta errealitateak nire aurreikuspen guztiak apurtu ditu beste behin ere (ez dakit zergatik ote naizen hain fikzio zalea errealitateak halakoak oparitzen dizkidanean). Saioa 2017ko urriaren 16koa da. Une horretan, zalantzak izan ditut kritika idazten hasteko, baina ondo pentsatuta, errepikapenak ere gure telebistaren egunerokoaren parte dira, eta batzuetan gustuko ditugu (onartu, zuetako zenbat ari zarete berriz ere Dragoi bola hasieratik ikusten?).

Horrez gain, eta aurreko astean Qué me estás contando magazina egurtu ostean, ez nuen ETB2ko saio batez ondo idazteko aukera galdu nahi. Oso dinamikoa iruditu zitzaidan errealizazio eta narratiba aldetik, eta, hasieran interes handirik ez banuen ere, amaierara arte irentsi nuen (Cascanteko Lechuguero jatetxeak ez irabazteak apur bat haserretu baninduen ere. Bazkaltzera joango naiz egunen batean).

Aurkezlea neurrikoa iruditu zitzaidan. Gidari eta epaile izateak eskatzen duen seriotasuna gehiegizko drama edo tentsiorik gabe eramaten du, eta parte hartzaileen aukeraketa bikaina iruditu zitzaidan. Denetik zuen: on-puska bat, handiputz ukituko beste bat, anbizioz beteriko gaztea eta xelebre zintzoa. Zer gehiago nahi duzu? Netflixeko telesail batzuetan ere ez dago halako pertsonaia talderik!

Bizkor pasatu zitzaidan atal bakoitzak irauten duen ordubetea, eta amaieran aurrez aurre jartzen dituzten zatian bakarrik atera nintzen saiotik. Aipatu nizuen Ahotsak-i buruz aritzean ez dudala gogoko lehiakortasun zikoitz hori (hortik, agian, nire arazoak kirolarekin). Kontuak kontu, gustura ikusi nuen, eta posible da beste larunbat goiz batean aukeraketa berbera egitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna