Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Audimetro bat izan genuenekoa (I)

2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Telebistaren inguruko zutabeetan ohikoak izaten dira audientzia datuak. Badirudi horixe dela saio baten arrakasta neurtzeko modu bakarra, eta horien arabera luzatu edo amaitzen dira saioak normalean. Gaur egun saio baten iraupena audimetroek eskainitako datuetara mugatzea nahiko sinplista da. Baina ez da kezka hori Ekografiak honetara ekarri nauena, audimetroen misterioa baizik. Audimetroak herri kondaira bilakatu dira denborarekin. Guztiok dakigu izan badirela, baina inork ez du sekula bat ikusi, eta harrigarriagoa dena, inork gutxik ezagutzen du etxean halako bat izan duen inor. Bueno, ba gaurkoan sekretu bat kontatuko dizuet: guk bat izan genuen etxean, sei hilabetez.

Bilbon bizi nintzen urte haietan, ikasle pisu batean, eta arratsalde batean mutil gazte batek atea jo zuen. Euskaraz entzun gintuenean, aurpegia argitu zitzaion. Audimetroak lagin estratifikatu baten arabera jartzen dituzte, eta Bilbon bost pertsonako familia euskaldun baten bila zebilen. Badirudi ez zela misio erraza, eta tipoa itxaropena galtzen hasia zen. Hori dela eta, nahiz eta gu bost ikasle goierritar izan, audimetroa gure etxean jartzea proposatu zigun. Soziologia ikasten ari nintzen, eta, jakin-min hutsagatik, ideia ona iruditu zitzaidan. Hori bai, tranpa txiki batzuk egin behar izan genituen. Iker aita moduan erregistratu zuten; Xabi, ama moduan (oso ondo etortzen zitzaion rola); eta Ion, Arkaitz eta hiruroi seme-alaba izatea egokitu zitzaigun (guri ere ez zitzaigun gaizki etortzen).

Audimetroa etxean genuen denboraren truke, puntuak batzen genituen, eta, puntu horiekin, lehen egunean eman ziguten katalogo batean agertzen ziren opariak lortu genitzakeen. Dardo dianari bota genion begia, eta hori lortzeko erronka jarri genion geure buruari. 2000ko hamarkada hasiera hartan ez genuen Internet etxean, eta audimetroak modem antzeko bat zuen atzealdean itsatsita. Gauero, 03:00 aldera, zarata sortzen hasi, eta egunean zehar bildutako datuak bidaltzen zituen behar zen lekura.

Traste hura nola egokitu zitzaigun kontuan izanda, zalantza ugari ditut dagoeneko horiek emandako datuen inguruan. Are gehiago audimetroari eman genion erabilpena ezagututa. Baina hori, hobeto, datorren astean kontatuko dizuet (ze gogoa nuen halako bat egiteko: iragarkien bueltan ikusiko dugu elkar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.