Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Kartzela' (eta II)

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euskarazko websailak gorantz egiten du, zehazki laugarren atalean. Bertso txapelketaren ondotik, BECen harrapatuta geratu diren lagunen misterioa areagotu egiten da. Ibak, gauez, BECen barrualdera sartzea lortzen du. «Desesperazioz», ate bat irekitzeko «indarrak» batu ditu. Batek baino gehiagok erakusten du harridura eta mesfidantza. Izan ere, aurretik denak saiatu dira gauza bera egiten, baina arrakastarik gabe. Halere, hotzez hiltzea baino, nahiago dute barrualdera sartzea eta bere horretan uztea kontua. Momentuz.

Laugarren atalean astelehen goiza da. Beraz, «norbaitek etorri beharko luke», dio lagun batek. Horren zain dauden bitartean, elkarrizketaren une batean, Marak eta Ekhik zerbait komunean dutela jakiten dute: gaztetan, udako bertso eskola berean izan ziren. Lehenengoa, ordea, ez da bigarrenaz gogoratzen —hori esaten du Marak, behintzat—.

Hitz egiten ari diren bitartean, Juan komunean dago. Baina Mararen ustez, «gehiegi» luzatzen ari da. Junek, berriz, Ekhi bidaltzen du haren bila. Iba bertso txapelketaren antolatzailetako bat da, eta badaki non dagoen segurtasunerako erantzungailua. Hara joaten dira June, Mara eta hirurak. Txirrina jo eta norbaitek erantzuten du beste aldean: «¿Sí?».

Bosgarren atala horri tira eginez hasten da. «En euskera, por favor», esaten dio Marak. «Ezin gara BECetik atera». «Ate guztiekin probatu al duzue?», dio beste aldeko gizonak. Gazteek baietz erantzun. Eta gizonak: «Esan nahi dut: aukerarik ikusten ez dugunetan ere, beti dagoela zerbait itzultzea garamatzana». Gazteek ez dute ezer ulertzen. Nekatuta daude hainbeste ordu harrapatuta pasatu ondotik. Eta edozein dela modua, haien kartzelamenduari azalpena aurkitu nahi diote. Muturreko egoera horrek taldea zatituko du.

Seigarren atalean, June gela batean ixten du norbaitek. Argia itzali, eta euskal emakume ezagunen irudiez osatutako bideoa jartzen diote. Mezua: «Hautsi zure kartzela». Bitartean, Juanen bila abiatu dira Mara eta Ekhi. Ez dira hartaz fio. Tentsioa izugarria da. Une horretan, Juneren gela zabaltzen du Ibak eta honakoa esaten dio neskak: «Lortu al duzue? Ez dut joaterik nahi Berlinera. Hemen geratuko naiz». Ibak, berriz, ez duela ezer ulertu erantzuten dio. Baina ezer ulertzen ez duena ikuslea da, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.