Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Indar mediatikoa eta narratiboa

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aizu, gaur gauean Moriartikoak izango dira Gure kasa-n». «Nortzuk dira Moriartikoak?». «La trinchera infinita filma zuzendu duten euskal zinemagileez ari naiz». «A, bai, zerbait entzun dut film horretaz». Astelehenean, lagun batekin izandako Whatsapp elkarrizketaren zati bat da hori. Moriartikoek (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga) ETB1eko saioa bisitatuko zutela sare sozialetan irakurri ondotik bidali nion mezua. Laguna euskaldun berria da, eta tartearen jarraitzailea.

Hirugarren denboraldia da Gure kasa-ren aurtengoa. Zehazki, 400 atal bete zituzten astelehenean. Gaueko ordutegirako eta euskaraz ekoiztutako tartea dela kontuan hartuta, izugarrizko marka dela esango nuke. Zorionak.

Ospakizun bikoitza egin zuten herenegun, La trinchera infinita-k bi Goya irabazi zituen larunbatean. Gehiago ere izan zitezkeen, hamabost izendapen baitzituen Moriartikoen filmak. Baina lehia handia zen: Pedro Almodovar-en Dolor y gloria eta Alejandro Amenabar-en Mientras dure la guerra zeuden tartean. Lehenengoak zazpi Goya eskuratu zituen, eta bigarrenak, berriz, bost.

Gure kasa-ko aurkezleetako batek emaitzaz galdetu zien gonbidatuei, eta honakoa erantzun zuen Arregik: «Zaila da erantzutea, bereziki, gure filma hor dagoenean». Adierazi zuen haien «asmoa» zela Almodovarren eta Amenabarren «alternatiba» izatea. Ez zen gertatu. Halere, aitortu zuen Mientras dure la guerra «teknikoki oso ondo dagoela, zinema aretoetan izugarrizko harrera izan duela eta jende askok hitz egin duela horretaz». Beraz, «nahi edo ez», errealitatea hori da: «Amenabar beste izar bat da, eta berak egiten duenak indar handia dauka, bai mediatikoki, baita narratiboki ere». Neurri handi batean, batak bestea elikatzen du.

ETB2ko El conquis saioa ere beste izar indartsua da. Astelehen gaueko atalak, zehazki, %21eko ikusle kuota bereganatu zuen EAEn. Hori da marka. Ordu berean (22:30), Gure kasa bisitatu zutela aprobetxatuta, Moriartitarren Handia (2017) filma eskaini zuten ETB1en; soilik %0,3-%0,9ko kuota eskuratu zuen. Galdera da: zer kostatzen da El conquis beste egun batera pasatzea, hamar Goya irabazi zituen lehen euskarazko filmari indar handiagoa emateko? Bestela esanda, Moriartikoek teknikoki oso ondo egiten dutenari indar mediatiko eta narratibo handiagoa emateko? Nahi edo ez, errealitatea hori da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.