Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Tokikotik Euskal Herrira

2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ekografiak hauek idazten hasi nintzenean, tokiko telebistei arreta berezia eskainiko niela hitzeman nizuen. Hilabete batzuk igaro dira egun hartatik, eta nire hitzari eta, bide batez, baita zuei ere kale egin izanaren sentsazioa dut. Heroiak izeneko zutabe batean, eta ondo ezagutzen dudan Goierri Telebista adibide hartuta, Euskal Herriko tokiko telebistek zein baliabide urriekin nolako zukua ateratzen duten azaldu nahi izan nizuen behin.

Gaurkoan, Goierri utzi, eta Iparraldera jauzi egingo dut, nahiz eta tokiko telebistak hizpide izaten jarraituko dudan. Kanaldude Alduden sortu eta gaur egun Bidarrain kokatzen den Nafarroa Behereko telebista dugu. 1997an sortu bazen ere (Euskal Herriko tokiko lehen telebista ez bada, oso gertu ibiliko da), 2017an Akitania Berriko Gobernuarekin lortutako hitzarmen bati esker, aurrerako urrats bat eman du azken urteetan. Ohiko euskarriez harago, sare sozialetan izugarrizko eragina lortu duen tokiko telebista bat dugu, eta ez dut uste merezi duen arreta eta aitortza jaso dituenik.

Joan den astean Harri salda izeneko talk show-a abiatu zuten, eta datorren astean Tantaka telesaila eskaintzeari ekingo diote. Bai, telesail bat tokiko telebista batean. Bi saio hauetaz gozatzea gomendatzen dizuet. Bereziki, tokiko telebistek egiten duten lanaz jabetu zaitezten (ez dut amore emango). Ez dute ETBk izan dezakeen baliabiderik, baina irudimena eta lanerako zein sortzeko grina amaiezinak dira. Euskarak oso beharrezkoa du jende hau, eta ondo legoke jasotzen duten baino arreta gehiago eskainiko bagenie.

Gutxi dira ikus-entzunezko euskarazko edukiak sortzeko ditugun eremuak gaur egun, eta tokiko telebistek berebiziko garrantzia dute alor horretan. Are gehiago, telebistaren kontsumo ohiturak erabat aldatu diren garai hauetan. Nik behintzat, Internet edo plataforma bidez kontsumitzen dut telebista egunerokotasunean, eta hor, tokiko euskal telebistek tokiko izateari utzi, eta nazional bilakatzen dira. Batzuetan, iturri horiek guztiak batuko lituzkeen plataforma batekin amesten dut, eta, pentsatzen jarrita, ez da hain amets zoroa ere. Izan dira halako saiakerak, baina inork ez du lortu bere tresna hornitzaileekin erabat uztartzea, edo publiko handiari iristea.

Hala ere... eta lortuko balitz? Irudikatu EuskalNetflix horrek eskainiko lituzkeen aukerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.