Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Buelta bat alderdi basatian

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Adiskidetasuna, amodioa, sexua, sexu jardunen grabazioa eta hedapena eskuko telefonoaren bidez, edertasun ereduak, lodifobia, homofobia, bisexualitatea, transgeneroa, transgeneroko trantsizioa, hormonak, queer sexualitatea, familia, gurasoen eta seme-alaba nerabeen arteko harreman gatazkatsuak, alkohola eta legez kanpoko askotariko drogen kontsumoa, drogen trafikoa, armen erabilera, kirolaren munduko lehiakortasuna, hezkuntza akademikoa, osasuna... Zerrenda ezin amaituzkoa osa daiteke Sam Lewinsonen Euphoria telesailak (2019) zuzenean edo zeharka, azaletik edo sakon samar, jorratzen dituen gaiak zerrendatzen hasiz gero.

Behin, nahita edo nahi gabe, egin dutenarengatik, edo behin eta berriz egiten dutenarengatik bizitza errealean barkamenik emango ez geniekeen pertsonaiak enpatia handiz ulertzeko eta gertu —are maitagarri ere— sentiarazteko gaitasuna duEuphoria-k. Horixe du akaso meriturik handiena.

Badira, berez, salbatzen ez den pare bat, jokabide guztiz doilor eta gupidagabea dutelako, baina pertsonaia horien agerpenak ere poztu egiten du ikuslea, haien rola jokatzen duten aktoreek oso ondo lan egiten dutelako. Horietako bat jatorri euskalduneko Brisbaneko australiarra da: Jacob Elordi. Duela gutxi albiste izan zen, aldizkari batean argitaratutako elkarrizketan egin zituen adierazpenengatik: «Nire aurrekoak Euskal Herrikoak dira, Frantzia eta Espainia artean kokatzen den herri txiki batekoak. Aitonak ito arte estutuko lidake zintzurra 'espainola' naizela irakurriko balu, 'euskalduna' jarri behar lukeen lekuan».

Euphoria alderdi basatian egindako buelta bat dela esan daiteke; gaur egungoa, jakina, ez Lou Reeden garaikoa. Pertsonaia multzo heterogeneo bati jarraituz, AEBetako nerabeen gurasoetako asko —ez denak, pobrezia eta aporofobia ez baitaude telesailak jorratzen dituen gai ugarien artean— izutzen dituzten alderdi basatietako batzuk erakusten baitizkigu, modu sinesgarrian, errealitate horiek bertatik bertara ezagutzen ez ditugunontzat bederen. Auskalo zer esango luketen Rue Bennett eta Jules Vaughn pertsonaien antzeko ibilerak dituztenek! Baina horiekin hitz egiterik ez dugun bitartean, ederki gozatzeko modukoa da ibilaldi hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.