Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Besarkada premian

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Besarkada sariak banatu zituen herenegun Euskal Aktoreen Batasunak Bilboko Azkuna Zentroan. Ohorezko Besarkada saria Ana Perezek jaso zuen, Legaleon T antzerki konpainiaren sortzaileetako batek, eta gainerako sarituak hauek izan ziren: Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti, antzerkian; Itziar Ituño eta Iñigo Aranbarri, telebistan; eta Miren Gaztañaga eta Zorion Egileor, zineman.

Sarituen izenei erreparatzen badiegu, berehala jabetuko gara horietako gehienak telebistan nahiko maiz ikusi ditugula, eta ikusten ditugula, azkenaldian, eta, itxuraz behintzat, nahiko une gozoan daudela. Baina horrek ez du ezkutatu behar aktore lanbideak gaur eta hemen dauzkan zailtasunak, azken hilabeteetan pandemiak gogor areagotuak.

Horretaz ohartarazi zuen Euskal Aktoreen Batasunaren Jokulariak boletinak, 118. zenbakian, udaberrikoan, Noiz arte? izenburua zuen editorialean: «Ez dugu hemen insistituko larrialdi egoera ezartzeak gure arloari, nola arte eszenikoei hala ikus-entzunezkoei, eragin dion kalteaz. Esan dezakegu ondorioak samurtzeko ahaleginean erabat murgildurik gaudela bai aktoreok gainontzeko langileek dituzten eskubide berdinak izan ditzagun [...]. Ez daukaguna batere garbi da nola irtengo garen honetatik. Pixkanaka izango dela imajina dezakegu baina imajina dezakegu ere antzokiak eta zinema aretoak normaltasunera bueltatzen azkenetakoak izango direla. Beste krisialdi batzuetan bezala beste behin ere argi geratu da katearen katebegirik ahulenetakoa dela gurea. Honek aldatuko al du gizartearen eta erakundeen pertzepzioa gure lanarekiko? Zer beharko da berau aldatzeko? Noiz arte?».

Bederatzi urte ziren Besarkada sariak banatzen ez zirela, eta ekitaldiak, Susana Soletok, Mila Espigak, Haizea Aguilak eta Itxaso Quintanak aurkeztua, irribarrerako aukera eman zien han bildutako aktoreei, ondo beharrezkoa garai ilun honetan.

Besarkada premian baitaude aktoreak —beste lanbide batzuetako langileen antzera, jakina—, eta komeni da hori gogoratzea, batez ere haietako batzuk arrakastaz lan egiten ikusten ditugunean, asko baitira oso bestelako egoeran daudenak, eta arrakastatsu ikusten ditugun horiek ere ez baitakite biharko egunak zer ekarriko dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.