Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Artetaren musua

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Jordi Cruz sukaldari katalanari TVE1eko MasterChef Celebrity lehiaketa arrakastatsuan emandako musu bero eta mediatikoa izan da aste honetan Espainiako Borboitar Erresuma Txit Banaezin osoan telebistari lotutako gertakaririk komentatuena. «Flipatu egingo duzu emango dizudan musuarekin» esanda, erronkari, Artetak lauzpabost urrats bizkorretan jo du arin-arin Cruzengana eta ahokada batez mukiak jaten aritu zaio segundo batzuetan. Dena bat-batean izan da, ez si eta ez no. Gizonari ez zaio, itxuraz, desatsegina gertatu, baina Artetari ezezkoa eman nahi izan balio gizajoak ez zuen astirik izango.

Ez dakit aldez aurretik idatzitako gidoi baten ondorio izan den zorioneko musua —auskalo eta allakuidaus, biak batera—, baina aitortu behar da baduela bere alde ona bel cantoko nazioarteko izar handi eta ospetsu bat goitartasun sublimetik hain urrun dagoen egoera batean hain modu—ustez— naturalean nahastuta ikusteak. Akaso horrek lagunduko du opera eta gisako musika adierazpideak beren kutsu elitistatik askatzen.

Baina, eszena osoa ikusi eta gero —bai, osoa ikusi dut, sarean oso erraz topatzen da—, kirrinka egin dit Artetak lehiakide bati, Florentino Fernandez Flo umoristari, esan dionak: «Ama Naturak eman ez dizuna ezin da ordeztu. Zure ahoa ez da desiragarria, nirea bai. Kantatzeko ez ezik musu emateko jaioa naiz». Txantxetan esanik izango dio, noski, sopranoak komikoari, baina ez dakit ba grazia handirik duen. Imajinatu une batez egoera bera Artetaren lekuan gizonezko bat jarrita eta Cruz eta Floren lekuan emakume bi...

Frantziako TV5Monde telebista kanalean, aldiz, oso bestelako lehiaketa batekin egin nuen topo duela hilabete batzuk. Si on lisait... à voix haute zeritzon: gaztetxoentzako irakurketa lehiaketa, ea nork hobeto irakurri ahots gora horretarako hautatutako testu literario labur bat, frantsesezkoa bien sûr.

Esaten dute telebistan ia ezer ez dela asmatzen, ia dena dela kopia. Dilema bat planteatu zidan bi lehiaketen arteko kontraste nabarmenak: bietatik, zein kopiatu beharko ote luke euskarazko telebista publikoak? Dilemak dilema, begien bistakoa da, ordea, zein izango litzatekeen ikusiena; eta bietako bat kopiatzen baldin bada, zein izango den ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.