Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Umorearen alderdi iluna

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gutxiago gehiago dela eta sorkuntzaren alderdi garrantzitsuenetako bat kentzea dela esaten dute gaur egun sortzaile askok, sobera dagoena ezabatzea dela artelana indartzeko modurik eraginkorrena. Eugeni Jofra Bofarull Eugenio umorista katalanak (Bartzelona, 1941-2001) teknika hori muturreraino eramanez lortu zuen arrakasta bakarrizketa egile eta txiste kontalari moduan. Inolako parafernaliarik gabeko txiste kontaketa hutsean era guztietako publikoak bereganatu zituen, alegia deus ez, ezin jakin oso ondo nola, zergatik.

Umorista bikaina izateaz gain, ordea, gaiaskori buruzko gogoetarako bidea ematen duen biografia nobelagarri baten protagonista ere izan zen Jofra Bofarull, eta horri etekin artistiko handia atera zioten Xavier Baigek eta Jordi Rovirak Eugenio dokumentalean (2015). Eugenio hil zenetik 20 urte pasatu direla gogoratuz eman zuen lan hori igande iluntzean RTVEren La2 kanalak, Imprescindibles saioan.

Aitatasun hertsatzailea eta haren aurkako errebeldia, artista eszenikoen munduko gorabeherak, ospearen askotariko zamak, arrakastaren albo kalte hondatzaileak, zaintza-lanen zailtasuna eta garrantzia, familia barneko tirabirak, jelosiak eta ezinikusiak... Argi izpi itsugarri bakanez eta askotariko ilungune ugariz hornitutako bizitza bat islatzen du lanak, eta 88 minutuko fikzio bat balitz bezala ikusten da ia-ia, biopic deitzen dieten horietakoa.

Benetako umorea oinazean eta tragedian sortzen eta erakusten dela esaten zuen Eugeniok, halaxe ageri da dokumentalean, eta umorearen alde ilunaren berri zintzotasun eta doitasun handiz ematen du Baig eta Roviraren lanak, morboa elikatu gabe baina protagonistaren bizitzako eta izaerako alderdirik uherrenetan behar den neurrian sakontzeko beldurrik gabe, orekari eutsiz une oro.

Bere soiltasun eszeniko eta interpretatiboari esker, imitatzen erraza zirudien oholtza —edo taburete— gaineko Eugeniok, eta horren ondorioz harengandik gertu sentitzen zen ikuslea. Dokumentala ikusten duenak ere Eugeniorengandik gertu sentitzeko arrisku handia du, Eugenioren antzeko sentitzen delako ez baldin bada, Eugenioren miresle sentitzen delako, edo Eugenioren antzekoen biktima bestela, baina Eugeniorengandik gertu nolanahi ere den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.