Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zirrikitua

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Aldarrikapen batzuek, ez bada aurrerapausorik antzematen, agortzeko arriskua dute. Berdin dio zenbateraino diren zilegi edo beharrezko: etsipena eta frustrazioa gailentzen direnean, akabo. Hala gertatzen zaigu ETBk soilik —edo, gutxienez, nagusiki— euskaraz izan behar lukeela uste dugunoi. Hain dirudi ezinezko, hain du babes gutxi. Gaur-gaurkoz, euskarazko kateak gaztelaniazkoak baino baliabide gutxiago ditu. Baina ezkortasun erreakzionario horren lokatzetatik salbatzeko moduak badira izan; zirrikituak, gauzak alda daitezkeela sinesteko aitzakiak. Haietako bat, isilpean, baina ari da zabaltzen, poliki-poliki.

Antzemateko, egongelako telebista utzi eta mugikorrari begira jarri beharra dago: EITBk sarerako ekoizten dituen lanak—salbuespen bakanen bat izan ezik_ euskara hutsean eginak dira. Telebista tradizionalean nekeza da joerak aldaraztea: saioek publiko orokorregia eta kontrol parlamentario estua dute; ez, ordea ,dena egiteko dagoen sarean. Publiko euskaldunago, gazteago eta interkomunikatuago bat dago parez pare. Websailekin hasi zen joera, eta pixkanaka zabaldu da bestelako formatuetara. Besteak beste, kalitatez eta mimoz egindako podcastak ekoitzi dira berriki.

Gaztea da joera horren beste froga bat: mesfidati begiratzen diote askok, baina badu EITBren gainontzeko medioetatik desberdin egiten duen zerbait: ez du, etxean bertan, gaztelaniazko baliokiderik. Ez du publikoaren atentzioa erakartzeko gaztelaniazko lehengusu guapo eta aberatsarekin borrokatu beharrik. Aspaldi da irrati soil izateari utzi ziola, eta sarerako bideo mordoa ekoizten ditu. Azken urtean, gainera, irratiaren ohiko tonutik apur bat urrundu eta gai sakonagoak jorratzeko bidea ere hartu dute. 2021ean abiatu ziren Yoko Ona, Zulora edo EH!rasmus saioak dira horren adibide.

Dena esaten hasita, EITBren aurrekontu orokorrei begiratuz gero, sareko edukiei dagokien zatia huskeria da. Baina geldiezina da joera: telebista tradizionalaren moldeak agortu ahala hustuko da haren poltsa, eta trantsizioan, ezinbestean indartuko da sareari dagokiona. Primeran streaming plataforma eta Miramon Faktoria abiatuko dira 2022an. Gaztelaniazko edukiak, lehenago edo beranduago, hasiko dira muturra sartzen. Baina hor bada irabazten hasi garen espazio bat. Borrokatu daitekeen espazio bat, beranduegi izan baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.