Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Laugarren pareta

2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Badakizue nik bezain ondo. Laugarren pareta esaten zaio antzerkian, komikigintzan, telebistan edo bideojokoetan ikuslearen eta protagonisten artean dagoen horma imajinarioari. Pantailaren barrualdean hiru horma ikusten dira, eta, laugarrena gardena bada ere, horrek bereizten ditu gertakizunak eta ikuslea. Fikzio gehientsuenetan konbentzio horri eusten zaio irmoki, baina aspaldi da zenbait egilek hori hausteko bidea urratu zutela. Antzerkian oso ohikoa da, eta telebista edo zineman ere gero eta gehiago erabiltzen da baliabidea: protagonistak kamerari zuzentzen dio begirada eta ikusleari mintzatzen zaio tupustez. Konplizitate keinu bat eskaintzeko edo aitorpen bat egiteko baliatzen da. Harritzeko ikuslea edo harreman intimoagoa sortzeko harekin.

Ez da, inolaz ere, kontu berria. Laugarren horma hautsi dute Fighters Club, Psicosis edo Funny Games gisako film ikonikoek. Telesailetan, ordea, azken urteotan zabaldu da dokierki. Haietako batzuek elementu bereizgarri nagusi bilakatu dute gainera: Fleabag zoragarriak keinuak egiten dizkigu etengabe; House of Cards-eko aitortza ilunenak gure begietara begira egiten dira; eta Beti mugan-en protagonista den Elena Iruretaren pertsonaiak gurera ekarri du joera zahar berri hori.

Pentsatzen denaren etaesan edo egiten denaren arteko kontrastea nabarmentzekotrikimailua da. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak erakusteko tresna, esango luke Harkaitz Canok. Horretan ez dago Pantomima Full edo Atzean Zuloa esketxen logikatik oso urrun, ezta protagonistei kontra egiten dien Todo lo otro-ko off-ahots oldarkorretik ere. Gaurko garaiek, itxuraz, horixe eskatzen dute: kontraesana agerian uztea, kontrastea.

Formula guztiak bezala, erabiltzearen erabiltzeaz nekagarri suerta daiteke. Baina, beharbada, ez da soilik fikziozko pertsonaiek berenganatu duten joera. Ondo pentsatuz gero, gu ere ez gabiltza horren aparte. Ez ote da Twitterren egiten duguna, esaterako, gure laugarren pareta propioa haustea? Ez ote gara, eguneroko eginkizunetan gabiltzala, balizko ikusleari txio edo atsegin dut forma duten keinuak eta konfesioak egiten dizkion protagonista jator usteko hori? Fleabag-en graziaz edo House of Cards-en elegantziaz egingo bagenu, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.