Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Bueltan da

2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ze ederra izango den itzulera». Hala kantatzen zuen Izarok eta antzera abesten du Pello Reparazek. «Bueltan da», oihukatzen du Bulegok. Euskal mainstream-ak —halakorik ba ote?— ondo jaso du askoren aldarte nostalgikoa: pandemiaz geroztik, etorkizunari iraganaren antzeko zerbait besterik ez diogu eskatzen, antza. Mihiluze-ren berpiztea da horren sintoma. Hilabeteak dira itzulera iragarri zutela, eta, geroztik, irrikaz, baina zalantzati sumatu dut zalegoa. Dozena erdi bat urtez ikusi gabeko lagunarekin batu bezperatan nola: «Lehengo bera izaten jarraituko ote du? Ni naiz, beharbada, asko aldatu dena? Konektatuko dugu lehen bezainbeste?».

Astelehenarekin itzuli zen, behingoz. Eta orain bai, erantzunak zirriborratzeko moduan gaude. Agerikoena zera da: Mihiluze-k, izenaz gain, bere jatorrizko izaera mantendu duela. Saioaren egitura garai bateko bertsua da —bere hiru bikoteekin, Tribuaren Berbak gisako jolasekin, eta botea eskuratzeko azken probarekin—, baita musika eta tonua ere. Lehenago funtzionatzen zuenak funtzionatzen du oraindik.

Berritasunekin zuen saioak egiazko erronka: ikusle gazteagoak erakartzeko modukoak behar zuten izan, baina baita zaletu nostalgikoenek onartzeko modukoak ere. Kike Amonarriz Antton Telleriarekin ordezkatzea da denetan nabarmenena. Berezkoa duen umore beltzarekin saioa apur bat zikintzeko tartea aurkituko duen ikuskizun dago oraindik. Baina edonola ere, Ilaski Serranok eta biek konplizitatea darion bikote orekatua osatu dute. Markagailu soila baino gehiago den pantaila berriak saioaren aukerak zabaltzen ditu. Finalera doan bikotea hautatzeko diseinatu duten Sokatira proban —berria hori ere— luzitzen du gehien. Hori bai, hasiera guztietan egiten du zerbaitek kale: herrenak izan dituen arbela digitala jatorrizko arbela zuriarekin ordezkatu nahi duten zaleak badira dagoeneko.

Ederra izan da —aspaldiko lagunarekin batzera nola— itzulera.Baina hamar urte geroago unibertsitate garaiko kide berarekin pisua eta iluntzeak konpartitu nahi izatea, hori beste kontu bat da. Nago 2022an garai batean baino zailagoa dela ikusleak gauero telebistari begira adi jartzea. Nostalgiaren kartutxoa azkar xahutu eta ikuslearen egunerokoa gozagarriago egiten asmatzea, hori izango da koska.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.