Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Sarien zain

2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Zinema sarien garaian gaude. Duela hilabete Urrezko Globoak eman zituzten AEBetan, eta duela bi aste Feroz sariak Espainian. Zinemazaleok laster Bafta eta Oscar sariei begira jarriko gara, baina hori baino lehen Goya sarietako irabazleak ezagutuko ditugu larunbatean. Euskal zinemagile asko ikusiko ditugu hautagaien artean: besteak beste, Alauda Ruiz de Azua, Mikel Gurrea, Telmo Irureta, Paul Urkijo eta Estibaliz Urresola.

Sari horietan euskal ekoizpenek bizipen oso onak izan dituzte azken urteetan. Esaterako, Handia eta Akelarre filmek sari dezente jaso zituzten. Sari horietan hautagai diren film guztiak ikusi ahal izateko, zinema areto batzuek berriro estreinatu dituzte. Baina ez da aukera bakarra film horiek ikusteko. Plataformek eskaintza desberdinak dituzte, eta jada Filmin, Netflix, Movistar Plus, HBO Max eta Prime Videon Goya sarietara hautagai diren filmak eta film laburrak ikusteko aukera dago (Hego Euskal Herrian).

Film laburrak ikusteko aukera Movistar Plusek eskaintzen du. Eta horri esker ikusi dut Estibaliz Urresolaren Cuerdas lana. Bertan, emakumeez osaturiko abesbatza batek hartu behar duen erabaki baten aurrean gaude: herri osoa kutsatzen duen enpresaren diru laguntza onartu ala ez. Abesbatzako partaideek iritzi desberdinak dituzte, baina emakume asko oso kritikoak dira diru laguntza hori hartzeko aukerarekin. Emakume horien artean Rita dago. Haren semea enpresako langilea izan da, eta gaixotasun larri bat du lanaren ondorioz. Film laburraren bitartez, Muskiz (Bizkaia) bezalako herri askotan gertatzen den errealitatea islatzen da. Zoritxarrez, amiantoak edo bestelako substantzia kimikoek eragin dituzten gaixotasunak ohikoak dira Euskal Herriko industria guneetan. Lan aparta iruditu zait, eta espero dut Goya saria jasotzea, nahiz eta bere lehiakide gehienak ez ditudan oraindik ikusi.

Plataformak El agua, Cinco lobitos, Argentina 1985 eta A las mujeres de España. María Lejarraga bezalako film eta dokumentalak ikusteko aukera eskaintzen ari dira. Sarituak nor diren jakin ostean, beste film gehiago iritsiko dira plataformetara. Filmen bizitza aretoetan egon ostean, luzatu egiten da bizitza plataformei esker. Hori delako film baten saririk onena: jendeak filma ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.