Herri baten erretratua

'Basque Selfie' filmaren gidoia eta musika aurkeztu ditu Korrontzi folk bandak, Agus Barandiaran taldeko buruaren bizipenetan oinarrituta

Agus Barandiaran musikaria, atzo, Bilboko Euskal Museoan. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Autorretratu bat da. Kamera euskaldunon aurrean jarri, eta geure buruari argazki bat atera diogu». Agus Barandiaran musikariaren berbak dira, Basque Selfie pelikularen harira. Korrontzi taldeko trikitilari eta abeslaria da Barandiaran, eta filmean berebiziko parte hartzea izan du. Musikariaren bizipen bat ardatz hartuta osatu dute filma, Joaquin Calderon zuzendari iruindarraren gidaritzapean. Korrontzi folk taldeak sortu du pelikularen musika, eta aktore lanetan ere ibili da Barandiaran. Donostiako Zinemaldian erakutsi zuten filma estreinakoz; baina otsailean iritsiko da zinema aretoetara. Halere, bada aurrerapenik; atzo aurkeztu zuten pelikularen disko-liburua, Bilboko Euskal Museoan.

Filmaren gidoia eta musika bilduta osatu dute liburuxka. Testua Izaskun Iturrik eta Joaquin Calderonek sinatu dute, Barandiaranen ideian oinarrituta. Hamabi kantaz osatutako soinu banda, berriz, Korrontziko musikariek ondu dute, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean. Hamaika abestien moldaketak dira, eta bat, Barandiaranek filmerako espresuki sortua: Iraun.

Korrontziko taldekidearenaburuz, euskal tradizioaren eta modernitatearen arteko «talka» biltzen ditu filmak, eta horren erakusleiho da disko-liburua. Alberto Santana historialariaren hitzak ere bere egin ditu: «Etorkizunean hautatu beharko dugu gure tradizioak mantentzeko zer den ezinbestekoa eta zer ez». Aukeraketa horren hausnarketatik heldu da proiektuaren muina. Barandiaranek pairaturiko egoera batetik abiatuta, «kritika konstruktiboa» izan nahi du filmak. Hala mintzatu da Barandiaran bizitakoaz: «Egoera gogor bat bizi izan nuen orain bost urte, nire familiaren baserria zela eta».

Iragana eta etorkizuna talkan izan zituen parez pare: baserria eraitsi, eta haren tokian errepide berria egin nahi zuten. Korapiloa nola askatu zen jakiteko, filma ikustera gonbidatu du Barandiaranek; aurreratu du amaiera «zoriontsua» izan zela. Trikitilariakgarbi zuen kontatzea «merezi zuen» istorio bat bazuela, hura film bihurtzeko ideia berea izan ez bazen ere. Horren harira, egitasmoaren sortze momentura egin du jauzi Barandiaranek, Calderon ezagutu zuen unera: «2016an, kontzertu bat eman genuen Iruñeko Harresien Jaialdian, eta bertan ezagutu nuen Joaquin Calderon. Publikoan zegoen, kontzertua entzuten ari zen. Emanaldia bukatzean, niregana hurbildu zen, eta hauek izan ziren bere hitzak: 'Zuk istorio bat duzu kontatzeko. Nik zure istorioa kontatu nahi dut'». Baina, antza, Calderon ez zen familiaren baserriaren gatazkaz ari.

Barandiaranek aitortu du hark kontzertuan zehar mikrofonotik esandakoak biltzeko asmoa zuela zinegileak. Soinu joleak, ordea, kontatzeko beste istorio bat proposatu zion: hori da pantailaratu duten proiektua.

Calderonekin batera, filmak aktore talde zabala izan du: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga eta Aizpea Goenaga, besteak beste. Barandiaranek euskal aktore sorta izan du lankide filmaren ekoizpenean.

Diziplina aldaketa

Ohiko oholtzan ez, kamera eta foku aurrean ibili da Barandiaran; musikatik zinemara. Filmaren protagonista izan da, ezohiko eran: «Ni ez naiz aktorea, ni musikaria naiz. Proiektu hau oso berezia eta arraroa izan da niretzat. Nire lan egiteko prozedurak aldatu behar izan ditut». Onartu du hasieran «bertigoa» sentitu zuela, eta aktoreen eta zuzendariaren lana ezinbestekoa izan dela proiektua aurrera ateratzeko.

Filma askotan ikusi duen arren, Barandiaranek dio oso zaila egiten zaiola ikustea. «Nire barrena askatzen dut bertan, daudenen eta ez daudenen partez. Istorio bat bildu nuen, nire ustez euskaldunon argazkia osatzen duena. Korrontziren asmoa beti izan da euskal kultura hedatzea, eta horretarako aukera ematen du filmak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.