KRITIKA. Artea

Teknikaren artistikotasuna

Mikeldi Perez Urkijo artista, ezkerrean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Mikeldi Perez Urkijo: 'Andamiaje'

Non: Bilboko Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan. Noiz arte: uztailaren 20ra arte.

Aurretik ere aipatu izan dut Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Sormenerako diru laguntzekin lotzen den Berriek programa. Honako honetan ere, Taxio Ardanazen kasuan bezalaxe, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan programa berean hautatutako Mikeldi Perez Urkijoren azken arte proiektua dugu ikusgai, Andamiaje izenburupean aurkeztua.

Erakusketa era sinple batean aurkezten da, baina azaleko aurreikuspenaren atzetik artearen munduan konplexuak diren hainbat ideia nahasten dira. Aretoaren erdian aldamio bat aurkezten da, erakusketaren oinarri gisa, eta paretetan, berriz, esprai bidez landutako pintaketak aurkezten dira. Pintada hauek ez dira lehen begiradan diruditen bezain askeak, aldamioaren estrukturaren formarekin lotuta baitaude.

Dirudienez, Perez Urquijok, teknikarekin zuen harremana guztiz apurtzeko asmoarekin, pinturaz beteriko su-itzalgailu batekin esperimentatzen hasi zen. Halako kasuetan gertatu ohi den moduan, tresnak eta prozesu berriak artista guztiz jan zuen, eta ez zen kontrolatzeko gai izan. Hori dela eta, betiere bide jakin bati jarraitu gabe, ustekabean aldamio batekin aurkitu zen, eta pintura eta teknika berria horren estrukturarekin lotu zuen. Objektuaren eta teknikaren arteko harremanak arrakasta izan zuen artistarengan, prozesuan kontrolatzeko oinarri bat aurkitu zuelako. Erakusketaren inguruan elkarrekin lotzen diren ideien artean bide bat egiten da, bidea baino gehiago, arte garaikidearen konplexutasunarekin lotzen den kiribila, behin eta berriz errepikatzen den bidea sortuz. Eta, nola ez, arte garaikidearen eta gizartearen arteko talka-puntu batean hasten da gure ibilbidea: artearen eta teknikaren arteko harremana.

Oso interesgarria iruditu zait beti teknikaren defendatzaile batzuen diskurtsoaren sinpletasuna. Naturaren eboluzioaren antzera, gizakia eta gizartearekin lotzen den prozesu guztiek konplexutasunera jotzen dute; horrela, zientzia eta teknikaren hobekuntza jarraituak alor guztiak hobetzeko baliabideak sortu ditu. Teknikaren defendatzaile horien galdera honako hau da: zergatik egiten da kontrako bidea artearen munduan?

Gaur egun teknikaz hitz egiten duten askok teknika, prozesu eta oinarri klasikoak bakarrik hartzen dituzte kontuan, gaur egun teknologia berrien bitartez etengabe sortzen ari diren arte prozesuak alde batera utziz. Halere, bakarrik klasikotasun honen ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, gaur egungo arte garaikidearen puntan dauden hainbat artista datozkit burura: ez al dira Eberhard Havekost, Ulrich Lamsfub, Neo Rausch, Ron Mueck edo Luc Tuymansen lanak teknikoki bikainak? Bestalde, ez al da teknikoki konplexua hainbat metroko marrazo bat formolezko tanke batean gordetzea? Noski, galdera horrek arte garaikidearekin lotzen den beste bidegurutze batetara garamatza. Batetik, teknikaren eta objektuaren artistikotasunarekin lotzen dena, eta, bestetik, gaur egungo artistaren definizioaren inguruko gogoeta, urtetako artea, artista eta profesional askotarikoen arteko elkarlanean oinarritzen dena, artearen definizio eza areagotuz.

Ez naiz sartuko bigarren horekin, denbora eta espazio gehiago eskatzen duelako. Teknika eta objektuaren artistikotasunaren inguruko gogoeta, berriz, Perez Urkijoren lanarekin erabat lotzen dela iruditzen zait. Batetik, prozesu piktorikoaren oinarria aldamioa bilakatzen da; era berean, horrek bere berezko erabilera utzi eta testuinguru berri honetan elementu eskultoriko bat bilakatzen da. Emaitza orokorrari Rekalde Aretoak berezkoa duen artistikotasuna gehitzen dio, bere garaian Marcel Duchampen Ready Made lanari eman zion moduan. Frantziako artistak, XX. mende hasiera aldean, eguneroko objektu arruntak artelan gisa aurkezten zituen. Bere artista izaera aldarrikatzen zuen, galeria eta museoek gordetzen zuten testuinguru artistikoak objektuarengan zuen eragina azpimarratuz. Horrela, garai hartan artea kontsideratzen zenaren eta ez zenaren arteko gogoeta piztu zuen, garaiko gizarteari eta artearen munduari erronka bat eskainiz.

Gaur egun, XXI. mende hasieran, teknika eta izaeraren inguruko gogoeta amaigabea da protagonista. Gogoan dut YBA (Young British Artists) taldearen barruan zeuden Damien Hirst, Tracey Emin edo Sarah Lucasen lanek sortu duten eztabaida, besteak beste, usteltzen hasitako behi burua, desegindako ohe arrunta edo kuboz eta meloiz osatutako sexu irudikapen sinpleak aurkezterakoan. Horiek, net.art-arekin lotzen diren webguneekin, Software Art-arekin edo Hactivismoa-rekin bezalaxe, artearen munduak bereak egin ditu, eta bere historia mugen barruan kokatu da. Guztiek daukate arte izaera, teknika edo prozesuaren gainetik, arte izateko ideiarekin sortuak eta landuak izan direlako; gure kasuan, Mikeldi Perez Urkijoren Su-itzalgailuak bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.