Hiriko sortzaileen begietatik

Gasteizko hamabi sortzaileren inguruko dokumentala ondu dute Iñaki Landa, Mikel Saenz de Buruaga eta Gindi Auzmendi kazetariek: 'Orainaldian. Laissez faire' du izena filmak
Iñaki Landa, Mikel Saenz de Buruaga eta Gindi Auzmendi dokumentalaren egileak, ARTgia espazioan, Gasteizen.
Iñaki Landa, Mikel Saenz de Buruaga eta Gindi Auzmendi dokumentalaren egileak, ARTgia espazioan, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU

Aitor Biain -

2018ko uztailak 11
Gasteizko kultur sorkuntzari erreparatu diote azken urteetan Iñaki Landa, Gindi Auzmendi eta Mikel Saenz de Buruaga kazetariek: sorkuntza guneei, produktuei, eta sortzaileei, bereziki. Ertzetara begira egindako lana izan da, batez ere, eta Orainaldian. Laissez faire proiektua abiatu zuten iaz horretarako. Kultur espazio alternatiboen mapa eratu zuten aurrena, eta bigarren urratsa egin dute orain: Gasteizko kultur sortzaileen inguruko dokumental bat ondu dute. Hamabi gazte sortzaileren begirada izan dute ardatz hiriko sorkuntzaz hausnartzeko; egiten denaz eta egiten ez denaz hitz egiteko, izan zenaz eta izango denaz gogoetatzeko. Iragan maiatzean aurkeztu zuten dokumentala, Florida zinemetan egindako emanaldian.

Belaunaldi berri batean jarri dute mira: Y belaunaldian, edo millenial-en belaunaldian; 1980 eta 1990eko hamarkadetan jaiotako gazteengan, hain zuzen. Krisi ekonomikoaren eragina bete-betean jasan behar izan duen belaunaldia izan da, baina baita mugimendu sozial berrien sustatzailea ere. «Letra larriz idazten den kulturak alboratu izan dituen kolektiboak dira orain hiriko kultura sustatzen ari direnak: gazteak eta emakumeak, hain zuzen. Horiek ere badira gure dokumentalaren protagonistak», adierazi du Iñaki Landak. Hamabi dira, zehazki: Paul Urkijo zinemagilea, Izaskun Urkijo arte zuzendaria, Beñat Goitia musikaria, Irantzu Lekue artista eta muralgile, Eider Bernaola argazkilaria, Nerea Mauleon ilustratzailea, Iker Fidalgo arte kritikaria, Reina Goinolanda idazlea, Mikel Ktthulu eta Gasteiz Hardcore Crew kultur kudeatzaileak, Frik1 eta ojodeKuervo grafitilariak eta Luruburu kolektibo artistikoa.

Autokritika oinarri

Dokumentalaren egileen esanetan, ikus-entzunezko «proiektu esperimental bat» da, eta autokritika du oinarri. «Askotan aipatzen da Gasteiz kulturalki hilda dagoela, ez dela ezer egiten, eta gazteak jotzen dituzte horren erantzuletzat. Ideia hori hartu dugu guk, eta azaleratu nahi izan dugu aipatzen den hori ez dela guztiz egia», nabarmendu du Saenz de Buruagak.

Urtebete iraun du dokumentalaren ekoizpenak, eta egileek nahiko lukete filma «tresna» bat izatea erakundeen eta gazte sortzaileen arteko zubi lanak egiteko. Izan ere, «hutsune bat» nabaritu dute gazte sortzaileen eta hiriko kultura «ofizialaren» artean. «Elkarrizketatu gehienek ere zera nabarmendu digute: erakundeek babestutako kultur eremutik kanpo ere egin dela kultura hirian, sortu dela kontrakultura moduko bat, mugimendu edo eszena bat, egun ezkutuan geratu dena», azaldu du Landak. Kazetariak erantsi du, halaber, kultura «elitista» horrek berak ahalbidetu duela «periferiako» mugimendu hori eratu izana.

Kultur mapa eratu zutenean, jabetu ziren hiriko kultura «inoiz baino biziago» zegoela jadanik, eta orain ñabardura txiki bat erantsi diote orduko ondorio hari, dokumentalari esker: «Konturatu gara sortzaileen belaunaldi berri bat dagoela hirian: gazteak dira gehienak, eta emakumeak, euskaldunak eta oso sortzaileak», adierazi du Landak. «Horiek guztiek orain arte ezagutzen denaren oso bestelako Gasteiz eta Araba irudikatzen dituzte».

Gindi Auzmendiren hitzetan, halere, ez da garai aldaketak eragindako aldaketa soila: «Belaunaldi berri bat dago, bai, baina ez bakarrik garai berriek artista berriak ekarri dituztelako, orain artean haien inguruan ezer ez delako aipatu baizik». Auzmendiren esanetan, eten bat egon da garaian garaiko kultur sortzaileen eta haien ekintzen inguruko kontaketan: «Zergatik kontatu dute beti gauza bera? Zergatik zentratu dute guztia 1980ko hamarkadan? Orduan gertatu ziren aldaketa asko, ados, baina gerora ere izango ziren, bada, aldaketak. Zer gertatu zen, bada, 1990eko hamarkadan?». Adibide batekin islatu du egoera hori: «Gehiegi hitz egiten da Cicatrizen inguruan, esaterako, eta ez horrenbeste Soziedad Alkoholikari buruz».

Erreferentzia falta horrek eragina izan du hiriko gazte sortzaile berrietan, Saenz de Buruagaren arabera: «Uste dut gazte askok erreferentzia lokalik gabeko bideak aukeratu dituztela sorkuntza munduan aurrera egiteko, eta bide berri horietan mundu berriak aurkitu dituzte. Horrek eman die nolabaiteko ikusgaitasuna». Ideia hori laburbiltzen du filmaren izenburuak ere: Orainaldian. Laissez faire (Utzi egiten). Iragana albo batera utzi eta etorkizunari begira jarri, alegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna