Gero eta leku gehiago

Larunbatean hasi eta astebetez, Euskal Herriko zein nazioarteko 25 musikari baino gehiago arituko dira Gernikako Lekuek jaialdian
Gernikako Lekuek jaialdiaren iazko irudi bat.
Gernikako Lekuek jaialdiaren iazko irudi bat. OIHANA CABELLO / BUSTURIALDEKO HITZA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko martxoak 7
«Etxekoa eta, aldi berean, nazioartekoa; zirraragarria eta sutsua; korala eta harmonikoa». Ezaugarri horiexek biltzen ditu Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lekuek jaialdiak, antolatzaileen arabera. Seigarren aldia dute aurtengoa, eta sorrerako helburuei tiraka jarraitzen dute: «Gernikako elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpideei eta interes artistikoei leku egitea, lantalde boluntario baten eta, boluntarioki, babes ekonomikorik gabea garenon eskutik». Nazioarteko zein Euskal Herriko 25 musikari baino gehiago bilduko dituzte, etzi hasi eta hilaren 16ra bitarte. Sarrerak www.gernikakolekuek.com atarian jarri dituzte salgai.

Gernikako musikariek eta musikazaleek sortu zuten jaialdia, 2013an, herriko taldeei bultzada eman eta ikusgaitasunean indar egiteko helburuarekin. Nabarmen handitu da elkargunea azken urteetan, baina lehen aldian bezala, hasiberriak diren sortzaileen aterpe izango da seigarrena ere. Aurtengoan, kasurako, Laukatu, Belatz eta Primeros Auxilios talde gernikarrak izango dira oholtza gainean.

Txikia izanagatik ere, askotariko estiloak bilduko dira. Hala azpimarratu dute antolatzaileek: «Jaialdia askotarikoa da: ekletikoa, txikia eta merkatuaren toki nagusietatik kanpokoa». Nazioarteko taldeei dagokionez, besteak beste, Nuria Grahamm, The Soul Jacket, Datcha Mandala, Vancouvers, Antonio Lizana Trio, Mr. Sipp, Doble Capa eta 8°6 Crew izango dira Gernikan. Euskal Herriko hainbat sortzaileren lan berrien estreinaldiak ere izango dira: Hannot Mintegiak sortu duen Moxal proiektua eta Maite Larbururen bakarkako lehen diskoaren emanaldia dira aipatzekoak. Horiez gain, Bad Sound, Joseba Irazoki eta Lagunak, Kaleko Urdangak, Amorante, Mad Muasel, Mississippi Queen & The Wet Dogs eta Iñigo Garrido ere ariko dira.

Musikaz haragoko tokiak

Gero eta txoko gehiagotara zabaltzen ari da jaialdia. Astrako bunkerra gehitu zen iaz zerrendara, eta Arrate estudiora ere eramango dute aurtengoan. Arraten izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute hilaren 11n, eta Birkit eta Eneritz Furyak musikariek kontzertua egingo dute gero. Hala, Astra, Iparragirre Rock elkartea, Trinkete Antitxokoa, Lizeo antzokia eta herriko hainbat tabernatara hedatuko dute musika. Espazio bakoitzean, baina, musika estilo bat nagusituko da: Iparragirre elkartean blues doinuak izango dira, flamenkoa Lizeoan eta rocka, berriz, Astran eta Trinketen.

Musikaz bestelako saiorik ere izango da. Igandean: disko azoka Aterpe eta Ospa tabernetan, eta, astelehenean, gau senegaldarra Astran. Hilaren 15ean, Party & Borroka. Jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria liburua aurkeztuko du Ion Andoni del Amok Inurri Gorria liburu dendan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna