Mariano Peyrou. Idazlea

«Ezin dugu jakin garena barrutik edo kanpotik datorren»

Obra oparo baten egilea izan arren, ez du bere burua idazletzat hartzen. 'Lo de dentro fuera' eleberria du lanik berriena, txatal laburrez «bizitza den bizitzaren antzezpenaz» diharduena.

SEXTO PISO.
itziar ugarte irizar
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Narratiba idazlea, poeta eta saiakeragilea da Mariano Peyrou. Buenos Airesen jaio (1971), eta oso ume zela lekualdatu zen Madrilera. Dozena erdi poema liburutik gora, ipuin liburu bat, bi nobela eta saiakera bat ditu argitaratuak, eta Lo de dentro fuera (Barrukoa kanpoan) eleberria izan da zerrendara gehitu duen lanik berriena. Bizitzaren eta haren eszenifikazioaren arteko mugari begiratu dio, eta aktore gazte batengan ardaztu du trama; zeinak Arte Dramatikoko irakasle bat ezagutuko duen eta bere iraganaz eta lekuaz pentsatzen lagunduko dion.

Donostian izango da Peyrou asteazkenean, Eider Rodriguez idazlearekin solasean, Tobacco Days liburu dendaren eskutik.

El nombre de las cosas (Gauzen izena) zure aurreko eleberritik ateratako galdera da: «Zertarako idazten duzu zuk?»

Galdera serio hartuz gero, erantzuna infinitua litzateke. Egiazki, ez dakigu zergatik egiten ditugun zenbait gauza. Ia beti daude hainbat motibo. Liburu bakoitza, poema bakoitza, beste zerbaitetarako idazten da. Idazketan bada zerbait terapeutikoa, zerbait exhibizionista, zerbait oso era intimoan plazera dakarrena, zerbait errutinari dagokiona eta zerbait abenturari eta desafioari lotutakoa.

Nola sortu zitzaizun Lo de dentro fuera-ren ideia?

Ez dakit une jakin batean sortuzen. Uste dut aspaldiko interes bati erantzuten diola: interesa sentsibilitate jakin batean, norberaren eta gainerakoen nahiari dagokionez femeninotzat hartu izan den posizioan, haurtzaroan eta nerabezaroan, antzerkian, eta agertoki batera igotzeko gogoan—literalki zein metaforikoki—. Badu zerikusirik urteetan entzun ditudan zenbait istoriorekiko enpatiarekin ere. Berdin nire lekutik atera eta mundua beste leku batetik begiratzeko gogoarekin ere.

Ahots eta denboren amaraun batek osatzen du kontakizuna, pasarte narratiboagoen eta gogoetari lotutakoen uztarketak. Nolakoa izan da nobela eraikiz joatea?

Hasteko, ni ez naiz idazlea. Lehen esan dut badela zerbait errutinari loturikoa idazketan, eta egia da nire kasuan ohitura bihurtuz joan dela. Baina, egiazki, zerbait okurritzen zaidanean soilik idazten dut, estimulantea zaidan planen bat baldin badago tartean. Egitura okurritzen zaidanean, materiala antolatzeko modua, horrek pizten dit nobela batekin lanean jartzeko gogoa.

Aita santuen ediktuak eta beste hainbat erreferentzia historiko baliatu dituzu. Zer asmorekin?

Uste dut funtzio asko betetzen dutela nobelan. Batetik, protagonistaren diskurtso hipersentsiblearen aurrean kontrapuntu modura funtzionatzen dute, eta, espero dut, liburuak arnasa hobeto har dezan laguntzen dute, testua ugariagoa izaten. Bestetik, ezagutzeko interesgarriak iruditzen zaizkidan datuak ekartzen dituztela iruditzen zitzaidan. Testuak badu ukitu umoretsu eta aldi berean terrible bat, eta balio dute protagonistak bere bizipenak Mendebaldearen ideologiarekin erlazionatu ditzan; gure munduari forma ematen dion balio sistemarekin. Lotura zuzena du sistema horrek Vatikanoa mendez mende proposatuz joan denarekin.

Bizitzatzat hartu ohi denaren eta haren etengabeko antzezpenaren arteko talkaz ari da testua. Ustezko banalerro hori auzitan jartzea interesatzen zitzaizun?

Auzia interesatzen zitzaidan, beste hainbat kontu bezala, modu teorikoan egiten dugun bereizketa bat delako, sinestera heldu arte praktikan ere zerbait bereizia delako. Antzoki batera aktore edo ikusle moduan joan gaitezkeen arren, ez da guztiz posible bizitza eta haren antzezpena bereiztea: bizitzaren antzezpena da bizitza. Ia etengabe gaude agertoki baten gainean geure buruari begira, bakarrik egon arren eta beste zerbaitetaz pentsatzen. Uneren batean itxuratzen dugun hori gure esentziaren parte bihurtzen da azkenean. Gai hauek ikaragarri erakartzen naute, inongo ondoriotara iristeko asmorik gabe.

Bizitzaren eta obraren arteko muga gainditzen duen artea ere interesatzen zait; bereziki konplexua eta erakargarria iruditzen zait gogo hori idazketara eramatea. Uste dut gauzatze naturalagoa duela performanceetan eta arte kontzeptualean, esaterako.

Ezaugarri garrantzitsua da protagonista emakumezkoa izatea; desiratua sentitzearen «deserosotasunaz eta naturaltasunaz» ari da, «emakume urratsez», «emakume artaziez»... Nabarmendu nahi zenuen genero eraikuntzak nola baldintzatzen duen munduan egoteko era?

Bai. Beste liburu bat izango litzateke gizonezko aktore gazte bati buruzkoa izango balitz. Hasteko, uste dut protagonista ez zela aktorea izango. Genero eraikuntzak oso modu erradikalean eragiten du, eta garrantzitsua hori iruditzen zait: gogoan izatea eraikuntza bat dela, ez dagoela identitate egonkorrik, dena izan daitekeela bestelakoa. Hortik agian lor dezakegu askatasun apur bat. Liburuko lengoaian esateko, ezin dugu jakin garena —edo garela uste duguna edo izan nahi genukeena— barrutik edo kanpotik datorren, noraino garen testuinguru jakin baten emaitza, izan familia, hezitzaileak, telebista, parkea edo liburuan «emakumeen asanblada» deitzen dena. Ez da erraza ez dakigula onartzea.

Liburuko azpimarra bat: «Munduan gehien ikaratzen nauena barnekoa da: hor gertatzen den guztia ateratzea eta ekintza bihurtzea». Zer kanporatzeak eragin dezake ikara handiena?

Esaldiak erakusten du bi espazio bereizita mantentzeko beharra, intimoa eta soziala. Agertokitik aparte zerbait existitu behar da, begira izango ez dituzun leku bat, ikusiko ez zaituztena, eta sentitu dezakezuna ez duzula zertan antzeztu. Baina esaldia, batez ere, beldurraz ari da. Nire ustez, gauzarik eta erreal eta esentzialena da beldurra. Duda egiten dut nire desira nirea ote den; baina nire beldurra argi ikusten dut nire-nirea dudala. Beraz: beldurra ateratzearena da ikara handiena, fantasia horiek kanporatzearena. Beste era batera esanda: desirak betetzea gogorra da, baina are gogorragoa da beldurrak betetzea.

Askok poeta gisa ezagutuko zaituzte. Nola uztartzen dituzu narratiba eta poesia idazketa?

Beti ari naiz poema libururen bat idazten; nobela bat idazten ez. Biekin batera lan egiten dudanean, nahiko argi ikusten dut zerbait —hitz batzuk, ideia bat, egoera bat— proiektu baterako edo besterako den. Baina ez dut antzematen elkarreraginik ote dagoen; nahiko natural bizi dut hori.

Baduzu poesia garaikideari buruzko saiakera bat, Tensión y sentido (Tentsioa eta zentzua), zeinetan, besteak beste, irakurle askok poesiarekiko izan dezaketen erreparoa deseraikitzen duzun. Gizarte moduan dena «ulertzeko» dugun beharra egon daiteke horren atzean?

Niretzat arrazoi nagusia horixe da.Uste dut ez ulertzea, misterioarekin, anbiguotasunarekin eta ezegonkortasunarekin zerikusia duen guztia —eta horrek balio du poema batentzat zein genero edo nazio auzientzat— bizi garen balio sistemak estigmatizatzen duela, zeinak zerikusia duen Europarekin, Platon eta logosekin, kristautasunarekin eta abarrekin. Poesia, paradoxikoki, ez ulertzean datza: generoaren historia pixka bat begiratzen badugu, hori erakusten duten milaka adierazpen eta adibide aurkituko ditugu. Lengoaia erabiltzea da helburua, lengoaiaz harago joateko, edo halako zerbait; haren musika entzutea esanahitik harago, edo magia egitea horrekin, edo komunikatzea espirituekin edo zernahirekin. Niretzat, liburu horren mezua, sinpleki, hau litzateke: «Ez baduzu ulertzen, ez larritu; horrek esan nahi du ondo egiten ari zarela». Esanahi gabezia horrekin zer egin dezakegun da interesgarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.