KRITIKA. Artea

Anbiguotasun garaikidea

Bilbao Arteren beka baten fruitu da Agirrezabalaren lana.
Bilbao Arteren beka baten fruitu da Agirrezabalaren lana. MONIKA DEL VALLE / ARP

Urtzi Ibarguen

2016ko maiatzak 24

'Entropia'

Artista: Roberto Agirrezabala. Non: Bilbao Arte fundazioa, Bilbo. Noiz arte: Maiatzak 27ra arte

Informazioaren inguruko teorien testuinguruan, entropiak informazio iturri baten ziurgabetasuna ala zalantza neurtzen du. Era berean, erabiltzen diren ikurrek gordetzen duten informazioaren batez bestekoa izan daiteke. Kontzeptu horixe da Roberto Agirrezabalak (Sestao, 1971) 2015. urtean jasotako Bilbao Arte fundazioaren produkzio bekaren bitartez sortutako proiektuaren muina, egun hauetan fundazioaren erakustaretoan izenburu berberarekin aurkezten zaiguna. Artista bizkaitarraren proiektua 1914. eta 1991. urteen artean kokatzen da, Lehen Mundu Gerraren eta Sobietar Batasunaren gainbeheraren artean. Bertan, mugimendu eta iraultzak gertatu ziren leku eta egoeretan sakontzen du, diziplina anitzeko proiektu honen bidez, erakusketak gaur egungo Europa ezagutzeko iraultzen arteko ibilbide bat proposatzen baitu garai hartan publikatutako testu teoriko edo ideia filosofikoetan oinarrituta.

Argazki, marrazki, instalazio eta horietan nahasten diren hainbat objektuz osatuta dago erakusketa. Bildumagintzak pisu berezia hartzen du erakusketan, bertan aurkezten diren objektuak benetako objektu historikoak baitira. Besteak beste, liburuen lehen edizioak, guda ezberdinetan parte hartu zuten armaden jatorrizko jantziak edo garai hartako herrialdeen jatorrizko dirua... Objektu horien inguruan artikulatuz doa erakusketa, eta, argazki eta instalazioen bitartez, XX. mende hasieratik 90eko hamarkadara arte zabaltzen diren elementu horiek pertsonaia, estetika edo ekintza garaikideekin nahasten dira. Ikusle gisa dugun lehen inpresioa kontraesanezkoa da; alde batetik, erakusketaren antolakuntza eta artelanen aurkezpena erabat garbia da; bestetik, espazio txiki batean objetu eta informazio asko nahasten da, hasieran gehiegizkoa dirudien arren denbora pasatu ahala egokituz doana, saturazioan erori gabe.

Kontraesanezkotasun hori ez da soilik informazioaren kopurua eta hura aurkezteko moduetan aurkitzen;informazio honen tratamenduak eta manipulazioak zalantzan dauden muga ezberdinen artean murgiltzen dute erakusketa. Jaime Cuenca soziologo eta filosofoak erakusketako katalogorako sortutako testuan zuzenki aipatzen duen bezala, artista bizkaitarraren lanean kontserbatzaile eta etnografoaren profila antzeman daiteke, baina profil engainagarria da, objektuen tratamenduak eta arte produkzioak manipulaziora eta irakurketa interesatua eragiten baitu.

Adierazten den bezala, hiru objektu mota aurki ditzakegu erakusketan: lehenik, iraultza eragin duten objektuak daude, Weimarko Errepublikak jasandako markoaren debaluazio prozesuaren 250 billete adibidez; bestetik, iraultza ondoren ezarritako ordena berriaren ikurrak direnak, besteak beste Armada Gorriak 1919. urtean aurreko jantzi tsaristatik nabarmentzeko erabiltzen zuen Budenovka (Agirrezabalak argazki batean erabiltzen duen kono formako jatorrizko txapela; eta, azkenik, ideologia totalitarioek hartu eta eraldatutako objektuak, esanahi berri batez biltzen direnak. Azken horiek artista bizkaitarraren lan prozesuarekin zuzenki lotzen dira, lehen aipatutako profil engainagarria objektu horien tratamendu eta manipulaziotik sortzen baita. Artistak bere burua eta sormen prozesua iragazki moduan erabiltzen du, eta hori bilakatzen da erakusketa honen adierazgarri.

Horrela, jatorrizko objektuen bildumak eta haien erakusketak daukan hondar etnografikoa diseinu eta publizitatearekin nahasten den atmosfera bat bilakatzen da, XX. mendean iraultza hitzak izan zezakeen esanahia, hau da, zaharkitua dagoen hori aldatzeko egindako ekintza (gehienetan bortitza), gaur egungo gizarte eta ekonomia sistemaren baliabide bilakatuz. Erakusketan aurkezten diren artelanak anbiguotasun garaikide horrekin biltzen dira. Horrela, hainbat lanek gaur egungo merkataritza eta multinazionalekin lotzen den zalantzazko estetika bat erakusten dute; argazkietako pertsonaiek, 7 de Noviembre-n adibidez, makillajea eta argazkiaren tratamenduaren ondorioz, publizitateko manikiak dirudite, inguruan daukaten informazioarekin zerikusirik izango ez balute bezala.

Hori dela eta, guda gordinarekin lotutako informazioa bere karga historikoa galduz doa, gaur egungo merkatuak guztia jaso, bere beharretara moldatu eta saltzeko duen berezko abilezia azaleratuz eta neoliberalismoa mugimendu totalitarista moduan azalduz. Erakusketan anbiguotasun hori behin eta berriro errepikatzen da; La guerra es la continuación de la política, adibidez, 1976. urteko Txekoslovakiako Armadaren jatorrizko poltsa baten gainean kolore ezberdinetako serigrafiak aurkezten dira, eta Kit de supervivencia-n, berriz, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren armadaren jatorrizko babes jantzi baten gainean neoizko Europa bat ikus dezakegu. Guztiak dauka gaur egungo erakusleihoetan aurki dezakegun estetika mota bat, eta Agirrezabalak egiten duen irakurketa bikain hau objektuak tratatu eta aurkezteko modu ezin hobe batekin elkartzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna