KRITIKA. Artea

Libre izateko gune bat

Bilboko Rekalde aretoan dago Magmadam kolektiboaren erakusketa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun

'Buscamos bunker'

Artista: Magmadam kolektiboa. Non: Bilboko Rekalde aretoan.Noiz arte: Azaroaren 5era arte.

Elkartu, elkarri eragin, ekintza, ukituak, ukimena, irudi bizia, zarata librea, kolektibotasuna, jolastu, esperimentazio irekia, inprobisatu, elkarrekin komunikatu...». Lista luzea da. Rekalde Aretoko Magmadamen Buscamos Bunker erakusketaren eskuorrian zerrendaturik agertzen diren hitzetako batzuk dira; erakusketan egin eta senti daitezkeen sentsazio eta ekintzetako batzuk soilik.

Aretora sartu, eta badirudi ia hutsik dagoela. Areto erdian, sabaitik zintzilik, barra luze beltz bat ikusten da. Kable batzuk ditu. Aurrez aurreko paretan, berriz, bideo proiekzio bat. Eta alboko hormetan, zinta isolatzaile beltza dirudien batekin egindako irudiak. Eskuinean, hiru irudi geometriko, hirurak berdinak: erpinetik lotuta dauden bi triangelu dira. Ezkerrean, berriz, kalera daraman kristalezko aldean, «Bunker» ageri da idatzirik.

Lehenengo begiradan ikusteko dagoen guztia ikusten da ia, bideoa izan ezik. Hori dela eta, bertan gelditu nintzen, areto erdian, hari begira, bertan, aretoko gainontzeko pieza eta esku-hartzeak ulertzeko gakoak topatzeko esperantzarekin. Lehenengo uneetan aretoak guztiz instalazio hermetikoa baitirudi, bertatik helarazi nahi diren mezuak nolabaiteko koderen batez enkriptaturik baleude bezala. Eta bideoak ere, deskodetze lan horretan, hasieran behintzat, ez du gehiegi laguntzen. Bideoan ez dago gakorik, bideoa bera ere, gainontzeko elementuak bezala, erakusketako instalazioa osatzen duten beste pieza bat besterik ez da.

Orduan konturatu nintzen aretoko erakusketa orriaren alboan bazela beste orritxo txiki bat ere, instrukzioena, jarraibideena. Eta horren arabera, proiektua guztiz modu aldrebesean ikusten eta hautematen ari nintzen. Hau ez baita ohiko erakusketa bat. Une hartatik aurrera, instalazio berri bat ireki zen nire aurrean, eta orduan hartu zuten beren zentzua ere lehenengo paragrafoan idatziriko hitz horiek guztiek.

Itzalita zegoen erakusketa, eta literalki diot itzalita, martxan jartzeko botoiak sakatu behar baitziren. Lehenik eta behin, kristalezko paretan kokatutakoa piztu nuen. Bigarren pausoa, berriz, zinta isolatzaile gainean eskuak jartzea zen. Bigarren pauso hori nahiko mesfidati egin nuen, kristalezko paretaren beste aldean Bilboko kalean alde batetik bestera jende hurrenkera handiak baitzebiltzan, eta nire eskuak kristala ukitu ahala, begirada guztiak niregan proiektatuak nabaritzen bainituen. Bat-batean, keinu soil horrekin, erakusketako beste elementu bat gehiago bilakatu nintzen, subjektu zena objektu bihurtzen da bisitaria, eta behatzaile zena behatua izatera. Guztia keinu txiki batekin.

Posizio aldatze horrek zenbait ohartarazpenetara darama bisitaria. Espazioaren ezaugarri bereziez inoiz baino gehiago jabetzen da: Rekaldeko aretoa ez da areto itxi zuri bat, nahiz eta maiz halakoa izango balitz bezala portatzen garen bertan. Artistaren batek kalearekin edo beirarekin jolastu izan da, baina hori ikusteaz harago, ez da ohikoa erakusketako bisitaria ere, kaletik ikusten diren objektuen partaide dela ohartaraztea: instalazio honek azpimarratzen duen gisara, areto honetara sartzen den bisitari bakoitza erakusketako pieza garrantzitsu bilakatzen baita kaleko ikuslearentzat.

Eta une horretan festa hasten da. Zarata pizten da erakustaretoan, bizia hartzen du. Eskuak mugi ditzakezu gora eta behera, eta zarata soinu bilakatzen da, eta soinua zure musika propioa. Eta une horretan, kanpoaldetik arraro begiratzen dutela ikusiko du ziur aski bisitariak, leihoan eskuak gora eta bera mugitzen ariko delako, baina berdin dio. Bisitaria da eroalea, ni naiz eroalea eta erakusketako gakoa; bisitaririk gabe, erakusketak ez du zentzurik, eta bertako objektuak hilda daude.

Joko bat da guztia, jolasa, bisitariaren gorputzaren eta objektuen arteko interakzioak bideraturikoa, bisitarien gorputz ezberdinen eta horien arteko elkar eraginen eta erakusketako beste elementuen artekoa. Soinuzko uhinez betetzen da aretoa, eta aretoa beterik ikusten da, beterik sumatzen da. Eta bisitariak sortzen dituen soinu ezberdinen arteko lotura eta bat-bateko aldaketak dira azkenean bideoan ere ikusi eta ulertzen direnak. Inprobisazioa, eta gorputzak mugimenduan. Egin ezazu zuk zeuk, egin ezazu besteekin, nahi bezala, baina egin ezazu. Zarata, soinua, kontaktua, mugimendua, eta egin gorputza eta uneak eskatzen dizuna. Izan libre, libre sentitu. Eta gainontzekoaz pentsatzeko aukera izango da, bertatik irtendakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.