KRITIKA. Artea

Puzzlea

Adria Juliaren erakusketan ikus daitekeen lanetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun

'Hot Iron Marginalia'

Non: Tabakaleran, Donostian. Noiz arte: 2018ko otsailaren 4ra arte.

Erakusketako atea gurutzatu eta berehala, ezer ikusi baino lehenago Duchamp aditu dut. Gaizki entzun ote dut? Sarrerako testuaren baitan, erakusketak historiaren inguruko ezagutza burutzeko metodologia berriren bat planteatzen zuela iruditu zait, erromanikoaren eta futbol amerikarraren arteko loturaren bidez. Bitxia printzipioz, ia ezinezkoa dirudiena. Eta Duchamp tartean? Gaizki entzungo nuen...

Eskuinean, mural ikaragarri bat dago. Ezkerrean, berriz, beira-arasa luze bat. Tartean, kristalezko mihiseak zintzilik, eta aretoko beirate bi, berdez tindatuak. Lehenengo loturak bisualak dira, estetikoak, materialak. Objektu batek bestera darama begirada. Espazioa aratza da, eta bertan barneratzeko deia egiten du instalazioak.

Zer topatuko dudan segurtasunak bultzaturik, gorputzak, lehenik eta behin, beira-arasara gidatu nau. Eta han dago, artxibategia. Urteetan historiaren egiantzekotasuna bermatu eta horren idazkera zuzendu eta kontrolatu duena. Oraingoa ere hala da. Artistak du kontrola, Adria Juliak, eta berak hautatutako irudiak soilik dira ikus ditzakegunak, eta, beraz, irudi horien gaineko narrazioa da erakusketan sor dezakeguna. Eliza erromanikoen argazkiak dira, Kataluniakoak, batzuk berriagoak, koloretan, besteak zaharragoak, zuri-beltzean, hausturekin, bai paperean, baina baita harrietan ere.

Hurrengo pausoak idulki batera doaz. Ondoan, taburete bat dago, eta bertan jesarri naiz. Idulkian, orri batean, muralaren kopia eskematiko bat dago, eta zati bakoitzaren gainean zenbaki bat du. Alboan txosten bat. Ireki, eta zenbakiekin batera tituluak irakur daitezke. Muralaren deskribapena da. Idulkiak, ordea, badu baldintzatze bat, eta hori, taburetean eseriz gero, murala bizkarrean gelditzearena da. Deskribapena irakur daiteke, baina ikusi, ez. Jolasa da, memoria jolasa: Taulleko Pantokratorraren eskua, Bartzelonako Olinpiar Jokoen irudia duen txanpona, Santa Maria Murreko pinturen erosketa egiaztatzen duen agiria Bostoneko museo baten eskutik Hotel Savoyko 69. gelan, Barcelona Dragons futbol amerikarreko taldearen logoa, La Bisbal d'Empordako jatorria duen ateaz, eta 69 adreiluz Duchampen Ètant donnés instalazioaren irudia.... eta hara non Duchamp azaldu da berriz ere! Deskribapenaren irakurketa da bozgorailuetatik aditzen dena? Adi jarri naiz, baina murmurioak soilik entzuten dira orain, ezer garbirik ez. Ezer garbirik ez da oraindik erakusketan, baina pieza guztiak airean daudela sumatzen da aldi berean. Detektibe nobela baten erdian dago ikuslea, pistak eskura daude, eta hasiera batean lotura bitxi eta ezinezkoak ziruditenak elkarrengandik hurbilago ikusten dira pixkanaka. Jarrai dezagun.

Kristalezko mihiseen azterketa da hurrena. Marratuta daude, arrastoz beteak: lerroak, labirintoak, pertsona eta animalien irudikapenak. Eta ezkerretara, beirate berdeak. Loturak egiten ahalegindu naiz, baina oraindik piezak falta zaizkit. Elizetako beirateei keinua izan daiteke? Ez dut uste... erromanikoan oraindik ere beirateak, asko jota, alabastrozkoak ziren...

Muralera iritsi naiz. Eta bozgorailuetatik Taulleko Pantokratorraren eskua entzun dut. Bai, deskribapenaren irakurketa da bertakoa. Memoria lana errazten duena, baina memoriak berak bezala, zenbait zati argitu eta besteak iluntzen ditu. Ezin guztia ongi aditu, ezin guztia ongi ikusi. Murala collage handi bat da. Eta, azkenik, loturak egiten hasi naiz. Barcelona Dragons futbol amerikarreko taldearen logoa dragoi erromaniko bat da, eta Montjuiceko Olinpiar estadioan jokatzen zuen; Taulleko elizako pinturak ere MNCARS museoan daude, Montjuicen, eta beste eliza erromanikoko absidea saldutako museoko bilduman Duchampen beste lan bat ere badute... Puzzlea pixkanaka begien aurrean osatuz doa.

Azken gakoak muralaren bestaldean daude. Beirateetako arrastoak, urteetan pintura erromanikoetan egindako marratuak dira. Historia, bera izanda ere, testuinguru bakoitzaren arabera, hizkuntzaren arabera, ez da inoiz berdina izango. Orrialdeetan istorio ezberdinak izango dira irakurriko direnak. Eta horixe da Hot Iron Marginalia-n planteatzen dena ere. Historia, erdialdetik irakurri beharrean, margenetatik abiatuta kontatzea, zeinuetatik, irudietatik abiatuta, lotura, eta ezagutza maila berriak aurkezten dituen metodologia.

Aretotik ateratzerakoan, berriz ere beirate berdeak ikusi ditut. Futbol amerikarreko zelai berdeari keinua izan daitezke, edo Montjuic mendiaren berdeari. Etxera iritsi eta Barcelona Dragonsen logoa bilatu dut Interneten. Berdea da. Jolasa oraindik ez da amaitu. Historiaren kontakizuna oraindik ez da osatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.