KRITIKA. Artea

Zientzia fikzioa

Bilboko Carreras Mugica galeriaren sarreran ikus daitezke Giulia Cenci artistaren lanak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun

'A través'

Artista: Giulia Cenci. Non: Carreras Mugica galerian, Bilbon. Noiz arte: Martxoaren 3ra arte.

Argi dago Ilustrazio garaia izan zela gaur egungo gizartearen iturria, oraindik ere arau nagusia baita arrazoiaren eta objektibotasunaren legearen gailentzeak. Ez da izan, ordea, oinordekotzan jasotako konbentzio bakarra. Arteetan ere oraindik nabaria da garai hartako ideien oihartzuna, batez ere, Arte Ederrak terminoaren asmakuntzari esker. Badirudi, XVIII. mendean hitz hori sortu zenetik, arteak jada definizioz ederra izan behar duela, atsegina. Baina hori hautaketa bat besterik ez da. Artea ederra izan daiteke, artea atsegina izan daiteke, eta artea erakargarria izan daiteke. Baina artea zatarra ere izan daiteke, artea higuingarria izan daiteke, eta, halere, erakargarri izan, Giulia Cenciren erakusketarekin gertatzen den moduan Carreras Mugica galeriako pasilloan.

Areto nagusira daraman igarobidea —lekuz lasaia eta zabala— erabat oztopatua dago. Espazioa zehazten duten bi hormetatik puntadun ziri mehatxagarriak irteten dira, hara sartzen den bisitaria desafiatuaz. Eta desafio guztietan gertatzen denez, batetik, erakarri egiten du, eta, handik, igarobidetik pasatzeko bultzada areagotzen dute lanek; baina, bestetik, atzerapausoa ere eragiten dute, mesfidantza sortuz, era berean, nolabaiteko errezeloa: Ez nago ziur handik igaro nahi dudan, handik lasai igaroko naizen, eta ez nago ziur ikusten dudana zer den, baina banoa.

Espazioaren zirkulaziorako ibilbidea eraldaturik dago. Korridoreko mugak berrezarri ditu horretarako artistak, baina ez du zirien bidez soilik lortu. Ziriek, artelanek okupatzen duten lekua zehazten dute, nolabaiteko sabai gardeneko euskarriak balira bezala; eta oztopo horren babesean, gainontzeko objektu guztiak lurrean daude, lurreko pasabidea markatuz. Baina horiek amu gisara dihardute pasilloan. Lurreko objektu horiek ez dira hain mehatxagarriak, hain basatiak; hondakinak dirudite, eta ikuslearen lehen inguraketa ahalbidetzen dute.

Hasieran, harridura, nahasmena sortzen dute. Zer dira horiek? Badirudi hala-holako lirdinga batez estaliriko objektuak direla. Higuingarriak dira, baina begiradak harrapaturik gelditzen dira haiei begira. Zer dira? Berriz galdetzen diot neure buruari, nahiz eta galderaren erantzunak berdin izan. Erakarmena eta nazka batera sentitzearen erreakzioa da gorputzean. Zerbait ez ikusteko esan, eta begiak irekitzea eta begiratzea ezinbestekoa bilakatzen den moduan. Kontrolaezina da.

Lirdingaren azpian, azkenean, objektu ezagunak dira topatzen direnak: tipulak, batetik; hondakin industrialak, bestetik; hodiak, kableak... Batzuek elkarri lotuta gorputz trinkoak osatzen dituzte; besteek, ordea, banakotasunaren ahultasunean objektu hauskorrak dirudite. Objektu ezagunak dira, baina horiek inguratzen dituzten itxura biguneko kapa garden zurituek, orainalditik, gure egunerokotasunetik urrundu egiten dituzte, era berean. Badirudi zientzia fikziozko errealitateren batekoak direla, Blade Runner-eko estetikatik hurbilago daudela, edo, are gehiago, etorkizunetik ekarritako orainaldi puskak direla, lirdinga horren bidez kontserbatu ahal izan direnak. Beraz, erlikiak dira erakustaretoan ikusgai ditugunak, apokalipsiaren ondoren mantentzea lortutakoak.

Erakusketak badirudi etorkizun iluna iragartzen duela, etorkizun ia katastrofikoa. Biziduna dena eta ez den guztia ere aurretik eraman eta suntsituko duela, likaz beteta, betirako itota gelditu arte. Hala ere, badago arnasgune bat, eta hori hormen goialdeetan topa daiteke. Izan ere, izakiak lirdingaz bete eta hiltzen dituen birusa, aretoaren behealdean eutsia, geldiarazia dagoela dirudi, ziriek osatzen duten sabai gardenaren aterpean. Eta lasai egon gaitezke, giza gorputzak ziriak iragaten baititu arnasgunera iritsiz.

Giulia Cenci artista gaztearen proposamena interesgarria da, ezberdina. Aretora sartu eta aurrera egiteko gogoa eta beharra ahaztu, eta hango zientzia fikziozko espazio berria aztertu eta arakatzeko bultzada sortzen du, sentsazio kontrajarrien bitartez. Mesfidantzaren eta txundiduraren arteko oreka lortu du artistak lanen eta horien instalazioaren bidez, higuingarria zirudiena erakargarri bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.