KRITIKA. Artea

Eman 'play'-ari

Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpena erakusketa, Artiumen. J. RUIZ / ARP.
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

'Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpena'

Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz: 2018ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 1era.

Teknologia berriak, kableak, bideoak, zenbakiak, zenbaki gehiago eta, gainera, mugimenduan, kableak, bideoak, trasteak eta tramankuluak, ateak, plastikoak, traste gehiago eta kea, beste bideo bat, aulkiak, trapuak, trapu gorriak, trapu zuriak eta berotegi bat, landareak eta erratzak, erratz gorriak. Objektu horiek guztiak eta gehiago daude Artiumeko Iparraldeko Areto osoan zehar barreiatuta. Izkin guztiak trastez josita, beteta, agertzen dira. Francisco Ruiz de Infante eta Olga Mesa artista eta koreografo bikoteak egindako proiektuaren gauzatzea da. Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpenak du izenburu.

Carmen, Shakespeare eta desira. Hiru hitz horiei, ordea, berehala beste batzuk ere gainjartzen zaizkie edonoren kontzientzian:maitasuna, tragedia eta heriotza, adibidez. Carmenen —Bizeten opera edo Merimeek idatzitako nobela— edota Shakespeareren lanen berri izanez gero —nork ez du ezagutzen, adibidez, Romeo eta Julieta—, ez dago dudarik istorioaren errezetetako osagai nagusien artean horiek ere badaudela; hala, erakusketan ere, dudarik gabe, horiek dira protagonismo osoa duten elementuak, batez ere, maitasuna eta heriotza.

Carmen // Shakespeare, hala ere, Ruiz de Infantek eta Mesak 2012an abian jarritako eta oraindik ere garatzen ari diren proiektu luzearen izenburua da. Eta Artiumeko erakusketa proiektu horren barruan egindako beste ekintza bat besterik ez da. Diziplina artistiko ezberdinen bidez, maitasuna eta heriotza bezalako kontzeptu konplexuak aztertzen dihardu artista bikoteak, Bizeten eta Merimeeren Carmen eta Shakespearek maitasunaren inguruan idatzitako sonetoak abiapuntu eta aitzakiatzat hartuz.

Hori dela eta, erakusketa honetan, bost urte hauetan garatutako proiektu horrek jasandako zertzelada ugari hautematen dira, beste zenbait elementu berrirekin uztartuta. Zaila da Carmen // Shakespeare proiektuaren berri lehen aldiz izan duen ikusle batentzat zertzelada horiekin burututako jolas eta geruza ezberdin horiez jabetzea, baina horrek ez du indargabetzen erakusketan izan dezakeen esperientzia: ziur ez dela sartutako atetik hotz aterako.

Izan ere, erakusketak bisitariarekin —edo, hobeto esanda, bisitariaren gorputzaren presentziarekin— jokatzen du eta jolasten da, harreman estuak eraginez eta aretoetan mugimendu eta memoria egoera ezberdinen aurrean ipiniz: sedukzioa, gatazka, deriba edo erresistentzia eta heriotza dira garrantzitsuenak. Gorputzen parte hartzea burutzen da han, batzuetan nahita eta modu kontziente batez, baina besteetan gertatu egiten da, bisitaria ia konturatu ere ez da egiten horretaz. Espazioa bera ere erabat eraldatuta dago: Iparraldeko Aretoko gela ordenatuetako hormak desagertuta daude, eta bisitaria aretoan zehar dabilela, erabat nahasten da, orientazioa galtzen du labirinto batean balego bezala, harik eta erakusketaren amaierara iritsi eta atzera buelta egin beste aukerarik gabe gelditu arte.

Eta esperientzia horren jabe izaten den bitartean, pixkanaka, banaka batzuetan, multzoka besteetan, modu zuzenean edo zeharka, erlazioen, maitasunaren, desioaren, sedukzioaren eta heriotzaren inguruko eta horien arteko harremanen konplexutasunaren zertzeladak jasotzen ditu ibilbidean zehar. Eta hala dira, zertzeladak, arrastoak. Batzuek, agian, bisitariari balioko diote; besteak agian ez ditu beharko edo ez da haietaz ohartu ere egingo. Horrek ez du hainbesteko garrantzirik, baina, horretan baitatza jokoak azken finean: norberak bere istorioa sortzea, norberak bere istorioa ulertzea Carmenen eta Shakespearen aitzakian. Eman play-ari, sartu aretoan, eta bera bakarrik hasiko da lanean.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugetan kokatzen da ikuslea, eta maiz zaila egiten da bi planoen arteko bereizketa egitea, baina horretan datza sedukzioaren jokoa. Hari gorria da erakusketako hari eroalea (fil rouge), batzuetan ikusten dena, eta besteetan, berriz, gordea ageri dena. Maitasunean ere, maiz, erakusketan bezala, ikusten diren gauzak jazotzen dira, eta besteetan gorderik dirautenak: askatasuna, konfiantza, egunerokotasuna, sorpresa, harremanak, botere-harremanak, beldurrak, zeloak, arriskua, konplizitatea, pasioa. Maitasuna eta heriotza. Gorria eta zuria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.