KRITIKA. Musika

Lehorrean ere jarraitu esploratzen

Robert Treviño, EO zuzentzen, artxiboko argazki batean. JUANTXO EGAÑA.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Zuriñe. F. Gerenabarrenaren Lorratz eta Anton Brucknerren 8. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abenduak 1.

Juan Sebastian Elkanok hiru urte eman zituen Victoria ontziko maisu gisa: 1519ko abuztuaren 10ean abiatu zen Sevillatik, eta 1522ko irailaren 6an itzuli zen Sanlucar de Barramedako portura. Elkano fundazioak Euskadiko Orkestrarekin batera egindako Mundubira: musika bidelagun proiektuak ere hiru urteko ibilbidea egin du, eta, Elkanorekin batera zetozen beste hamazazpi marinelak bezala, lehorrera iritsi da azkenik.

Zuriñe F. Gerenabarrena arabarrak munduaren lehen zirkumnabigazioa egin zutenen itzulera irudikatu du Lorratz izeneko obran. Bere hitzetan, «arraro sentitzea, itsasoratu zen pertsona bera ez izatea» ekartzen ditu gogora, bolada batez etxetik kanpo bizi izan diren guztiek sumatzen duten sentipena, hain zuzen. Itzulera guztietan bezala, continuum baten gisan atzematen da pieza; tentsio jarraitua mantentzen du, baina badira une argitsuak perkusioaren eta metalen jolasean. Zirkulua osatu bada ere, abiapuntua eta helmuga ez datoz bat, zerbait aldatu da.

Kursaaleko publikoak hoztasunez erantzun zion Lorratz-en estreinaldiari eta programa ardazten zuen Anton Brucknerren 8. sinfoniari. Duela 130 urte, ostera, obrak Vienako publikoaren txaloaldia eskuratu zuen, Brucknerrek hainbat aldaketa egin ondoren. Robert Treviñok eskarmentu handia dauka austriarraren sinfoniekin: azken bi urteotan bere hiru sinfonia eman ditu abonu-denboraldian.

Denera, bere keinuak gogo bizia eta seriotasuna batu zituen taula gainean, organoaren metalen kutsua dakarren partituran. Luzimendurako aukera ez zen galdu, hala nola adagioaren bukaeran tuba wagnertarrek eskainitako kolore ederrean, baita Scherzoak dakartzan bost noten mailukadan. Hariek ere gau aparta biziarazi zuten, esaldien basoan norabiderik galdu gabe, eta azken mugimenduan energia senez bideratuz.

Orkestraren lurra egonkorra bezain aberatsa da eta, hala ere, tarteka badirudi bi sekzioen artean ñabardurak xurgatzen dituen horma handi bat dagoela. Zuritik beltzera aise igaro dira; espektro guztia esploratzeko grina besterik ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.