KRITIKA. Artea

Zer edo zer gehiago

Sergio Prego artistak Carreras Mugica galerian jarri duen erakusketako piezetariko bat. CARRERAS MUGICA.
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Sergio Prego

Non: Carreras Mugica galeria. Bilbo. Noiz arte: Apirilaren 20ra arte.

Geroz eta gutxiago, baina oraindik badaude erakusketa edo artelan berri bat aurkezten duten bakoitzean zerbait gehiago eskaintzen didaten artistak. Gaur egun, ez da erraza ikuslearengan harridura edo zirrara eragitea. Komunikabide eta informazio sareen garapenarekin batera jasotzen dugun informazioak munduko beste muturreko proposamenak ezagutzeko aukera ematen digute, nahiz eta informazio jario hori askotan interesatua den. Gainera, beste artikulu batzuetan plazaratu dudan moduan, badago jakintza globalak pixkanaka eragiten dituen sormen prozesuen eta horien emaitzen homogeneotasunerako dinamika bat. Ez da erraza sailkatzea, baina baliteke Sergio Prego homogeneotasun horretatik urruntzen diren artistetako bat izatea, edo, gutxienez, gertatutakoaren atzetik kokatzen dena baino gehiago sormenerako eredu propioak jarraitzen dituena.

Carreras Mugica galerian aurkeztu duen erakusketak sormenerako baliabide askotarikoen multzo bat aurkezten du. Porlanez, plastikoz, aluminioz edo polietilenoz sortutako elementuak urarekin edo haizearekin konbinatzen dira, eta ikuslearen inguruan garatzen diren objektu mugikor eta arkitektura berriak paretako marrazki edo hormigoizko objektu finkoekin nahasten dira, instalazio edo eskultura ezberdinak sortuz. Guztira, bederatzi artelan aurkezten dira erakusketa berri honetan, guztiak 2015. urtean sortuak: 3333, 2+NO, Motor Rank, MDD, MM, T-Skeol, T-Plexo, NHM-1 eta NHM-2.

Sergio Prego 1969. urtean jaio zen, Hondarribian, eta Bilboko Arte Ederren Fakultatean eman zituen bere lehen pausoak, eta, gero, Artelekun eman ziren hainbat tailerren bidez, euskal eskulturaren proposamen berriekin lotzen ziren Badiola, Bados edo Morazarekin jardun zuen. Handik aurrera, bere bide nazioartekoa hasi zuen; New Yorken finkatu zen, eta lau urtez Vito Acconci artistaren estudioan egin zuen lan. Digitalki manipulatutako bideo sorkuntzen bidez, arrakasta lortu zuen 90eko hamarkada erdialdetik mende hasiera aldera bitartean: aski ezagunak dira Tetsuo, Bound to Fail (1998) edo Cowboy inertia creeps (2003), besteak beste.

Ordutik aurrera, bideoaren oinarria baztertuz joan zen; eskultura eta instalazioaren artean bizi eta arkitekturarekin estuki harremantzen ziren artelanak aurkeztu zituen. Horrela, eskulturek objektu gisa baino gehiago espaziorako esku hartze gisa gordetzen zuten posibilitateen inguruan lanean hasi zen artista hondarribiarra: besteak beste, 2007. urtean Guggenheim museoaren 10. urtemuga ospatzeko antolatu zen Chacun à son goût erakusketako Secuencia de Diedros, 2008. urtean Soledad Lorenzo galerian aurkeztu zuen Modulos, edo titulurik gabe Gijongo Laboral zentroan aurkeztu zuen instalazioa dira horren adibide.

Azkenik aipatutako bietan aipagarria da zer garrantzi hartzen duten jada ikusleak eta erakusketa espazioak. Laboral zentroan muntatu zenean, puzgailu gisa espazioa bereganatzen zuten plastikozko zilindro batzuk eraikitzen ziren, non ikusleak hainbat altueratara eta haien barruan ibiliaz erakustaretoko espazioaren perspektiba berri bat arakatzen zuen, espazioa bera artelanaren parte bilakatzen zelarik. Hizpide dugun erakusketako ezaugarri aipagarriena ere hauxe da: eskultura eta instalazio guztien gainetik, espazioaren interpretazio organiko bat gailentzen da, erakustareto osoa artelan bilakatzen duena.

Gorputz bat izango balitz bezala, erakusketak organo ugariren antolaketa gisa funtzionatzen du, eta bertako likido, haize eta materialek elementu organikoen prozesu bat aurkezten digute. Arkitekturan puzten diren mintz zirkularrek digestio erdian dauden marrazki sorta bat aurkezten digute, eta plastikozko pilota formek osatzen dituzten eskultura txikiek garapen organiko baten pausoak edo haziak irudikatzen dituzte. Abstrakziotik abiatuta, eskultura guztiak zentzu biologiko baten barruan ulertzen dira, eboluzioan, deskonposizioan edo ugalketa prozesuetan murgiltzen den trantsizioan. Azken pausoa hormigoizko 3333 eskulturak irudika dezake; ibilbide organiko honen hondakin moduan uler daiteke.

Interpretazio guztien gainetik, artista eta galeriaren lanaren balio nabarmendu behar da. Oro har ikusten diren proposamenen gainetik, artearen ikuspuntu berri bat plazaratzen dute hainbat sortzaile eta espaziok; horren adibide dira Prego eta Carreras Mugica. Ikusleak eta, oro har, artearen jarraitzaile garen guztiak errespetatuak sentitzen gara proposamen hauek ikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.