KRITIKA. Artea

Guztion bidaia

Donostiako San Telmo museoan zabaldu duten Hain urrun, hain hurbil erakusketa. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2015eko azaroaren 24a
00:00
Entzun

'Hain urrun, hain hurbil: 70eko hamarkadako argazki dokumentalismoa'

Non: Donostiako San Telmo museoa. Noiz arte: Urtarrilaren 6a.

Aldaketa garaia izan zen 1970eko hamarkada munduan zehar, baita Espainian ere. AEBetako Watergate afera-ri Vietnamgo gerraren amaierak jarraitu zion 1975. urtean, baina aurretik 1973ko petrolioaren krisiak Mendebaldeko herrialdeak astindu zituen. Europan, hegoaldeko herrialdeetan zeuden hainbat diktaduraren amaiera izan zen, horien artean Espainiakoa. Horrek kontraste garai bat aurkeztu zuen, demokraziaren bidean hirietako asaldurak askatasun berriaren lehen aztarnak dastatzen zituen bitartean, herri txikietan eta landetan azken urteetan izandako egoerak eragindako geldialdia azaleratu zen.

Garai horretan oinarritzen da San Telmo museoak aurkeztu duen azken erakusketa. Foto Colectania eta PhotoespaƱak antolatuta eta Espainiako Kultura Ministerioak produzituta, Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu dute Donostiako aretoetara iritsi baino lehen. Erakusketan, XX. mende erdialdean jaio eta garai frankistako estereotipoetatik askaturik, 70eko hamarkadan probintzietako hiri txiki, tradizio eta baztertuen bizitza erakusten duten sei argazkilarien lana aurkezten zaigu: Koldo Chamorro (Gasteiz, 1949-2009), Cristina Garcia Rodero (Puertollano, Espainia, 1949), Cristobal Hara (Madril, 1946), Fernando Herraez (San Fernando, Espainia 1948), Anna Turbau (Bartzelona, 1949) eta Ramon Zabalza (Bartzelona, 1938).

Erakusketa klaustroaren sarrerako aretoan dago. Diseinu luze eta ibilbide jarraitu baten bitartez, formatu txikiko sei argazkilarien lanak hainbat gunetan tartekatzen dira, espazioaren jarraitutasuna hautsi gabe. Argazki multzo bakoitza bere egilearen gogoeta batekin aurkezten zaigu, modu sinple eta eraginkorrean antolaturik. Erakusketak ez du gehiago behar, bertan aurkezten diren gaien indarrak eta argazkien kalitateak antolaketa erraz bat eskatzen baitu. Kasu honetan, arte komisarioaren lana argazkilarien eta horien lanen sailkapenean oinarritzen da, eta Cristina Zelich-ek guztiz asmatu du. Ezbairik gabe, pertsona egokia da lan honetarako, arte komisario ezaguna, eta, argazkilaritzari buruzko hainbat liburu egin ez ezik, Fotomania argazki galeria zuzendu zuen Bartzelonan, 1977tik eta 1983ra. Besteak beste, Kataluniako Argazki Jardunaldien antolakuntzan lan egin zuen, eta FotoPress-eko epaimahaia ere osatu izan du.

Foto Colectania-k aipatzen duen modura, argazkilari hauek guztiak aurreko belaunaldiko argazkilariek landu zuten errealismo humanistatik elikatzen badira ere, beraiek ez dute talde bat osatzen. Ordu hartako aldaketa garaiak bultzaturik, inguruan zuten errealitatea irudikatzeko pausoa ematea erabaki zuten, baina bakoitzaren gogoeta eta interesak alde batera utzi gabe. Horrek guztiak, taldearen eraginean zentratuz, begirada ezberdinen bitartez osatzen du, eta garai hartako egoera sozialaren testuinguru orokor bat eraikitzen, bakoitzaren ezaugarri propioen bide. Alde horretatik, guztiak dokumentalismo sozial baten inguruan biltzen dira, eta, nolabait, gizartearen espazio eta baldintzen inguruan interesatzen dira. Fotokazetaritzarekin alderatuz, ez dira unean uneko albiste edo gai baten inguruan biltzen, nolabait argazkilari hauen lana urrunago doa, eta gizakia bere inguruan ulertzeko nahi honetan gogoeta bat pizten du.

Horrela, garaiko dokumentu hauen bitartez kontzientzia sozial bat sortzen da egoerarekiko. Kontzientzia sozial horek, batetik, salaketa izaera bat gordetzen du, aldaketa behar batekin zuzenki lotzen dena. Bestetik, berriz, gizartea eta norberaren ezagutzarekin ere lotu daiteke. Alderdi horiek nabariak dira erakusketan parte hartzen duten argazkilarien gogoetetan, eta subjektibotasuna, bidaia, erritmoa, aurkikuntza, hesiak ala errepresioa hitzak diskurtso ezberdinetan nahasten dira. Horrela, Anna Turbau artistak bere lana zentsura eta errepresioaren hesiak gainditzeko prozesu modura ulertzen du, baina Cristina Garcia Roderok, Fernando Herraezek eta Ramon Zabalzak bidaia eta aurkikuntzarekin lotzen dute, ezagunak ez diren talde, kultura eta tradizioen jakintzan ardaztuz. Bestalde, Koldo Chamorro eta Cristobal Hararen lanek begiralearen rolarekin dute zer ikusia; argazkilariaren objektibotasuna eta subjektibotasunaren arteko talkaren inguruko gogoetarekin nahasten dituzte egunerokotasuna eta haren erritmoak. Finean, kontzientzia sozial hau kontzientzia historiko bilakatzen da artearen bidez, ikuslea gizartearen eraldaketaren bidaia honetan murgilduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.