KRITIKA. Artea

Ekialdeko B aldea

Waste Lands erakusketako obra bat, San Telmo Museoan. GORKA RUBIO / ARP.
2017ko martxoaren 14a
00:00
Entzun

'Waste Lands'

Egilea: Kolektiboa. Non: San Telmo museoan, Donostian. Noiz arte: maiatzaren 21era arte.

Waste Lands eta ez The Waste land. Nahiz eta tituluen arteko asoziazioa egitea saihetsezina den, San Telmon ikusgai dugun erakusketa honek ezer gutxi du ikustekorik T. S. Eliot poeta estatubatuarraren lanarekin. Kasu honetan, ez da apirila izan hilabeterik krudelena, poemak dioenaren kontra, 1947ko urte hura baizik, Britainia Handiak Palestinako kolonian lardaskeria ikaragarri hura egin zuenekoa. Orduan hasi zen guztia, eta guztiak oraindik ere han dirau.

Europa mendebaldeko eta Sobietar Batasunaren kolonialismoaren ondorengoak dira erakusketa honetan aurkezten diren waste lands-ak, lur suntsituak: bai ingurune fisikoari dagokionez, baina baita ekonomikoki suntsituriko lurrak ere.

Mare nostrum deitu genion antzina mendebaldekook Iberiar penintsulan hasten den itsasoari; gure itsasoa, latinoena, ez zegoen dudarik. Eta itsasoa ustez gurea zenez, hura inguratzen zuten lurrak ere gureak izan behar, noski: Maroko, Egipto, Palestina, Libano, Siria... Geure nahien arabera erabili genituen, gure behar eta gurariak asetzeko iturri ziren haiek, hemendik urruti baitziren, eta, era berean, gero eta beharrezkoago genituen lehengaiez josirik zeuden. Geureak zirela uste genuen neurrian, haietan nahi genuena egiteko eskubidea genuelakoan geunden. Lotsarik ez. Arazoak hasi ahala, ordea, hanka egin, eta arazoak bertan utzi. Hura izan zen koloniekin amaitzeko soluzioa.

Orain, ekialde hurbilean amaigabeko gatazkak dauden honetan; orain, bertako hiritarrak erbesteratzera beharturik daudenean; orain, ustezko Europa pribilegiatu honetara masan datozenean; orain ohartu gara, ekialde hurbilean arazoak daudela; edo arazoak dituztela, beren arazoak. Bat-batean borrero izatetik, biktima izateko posizioa hartu dute mendebaldeko gobernuek, lotsa barik, berriz ere, eta sasi-biktima posiziotik, gainera, samariar onaren disfraza janzten ahalegintzen dira. Olatu berari eutsirik, kolonialismoa eta honen ondorioen hausnarketak tarteko dituzten erakusketak ere azkenaldian gero eta ohikoagoak izaten ari dira... Hala eta guztiz ere, esaerak dioen bezala, hobe berandu inoiz ez baino.

Baina maiz, arazo hauek modu urrun batez eta gainazaletik tratatzeko joera izaten da, gertakarien inguruan sakon hausnartu gabe, gerturatu gabe, bertaratzea beharrezkoa denean gertakariak bere horretan ulertzeko, Pastarou Forouhar artistaren proiektuak ongi adierazten duen bezala.

Waste Lands-ek horretarako aukera bat dakarkigu. Mediterraneo itsasoaren inguruko hainbat estatu arabiar-musulmanen errealitatea dakar, baina ez hedabideetan azaltzen zaigun hori, tanke eta bonbaz beterikoa. Benetako errealitatea da dakarrena, bertako hiritarrek jasaten dutena, egunerokoa. Izan ere, gerra bat maiz odol isurketarekin identifikatzen badugu ere, ez al dira gerraren zikoizkeria eta gordinkeria bera pairatzen ari etxea galdu eta beren etxearen hondakinen artean kanpin denda batean bizi diren familiak? Ala egun eta gau telebista pantailari begiak so bizi direnak, zer gertatuko? Tamara Abdul Hadiren argazki bikainek familien errealitate gordin horietara garamatzate. Azkenean, ohikotzat bilakatzen den etengabeko sufrikario horretara. Argazki zuzenak dira, erretratu gordinak; bai biztanle baina baita paisaienak ere: gerrako makinen hilobi etengabeenak. Gohar Dashti artistaren Stateless eta Today's life and war lanak ere ezin aipatu gabe utzi. Hauetan, artistak lur suntsituen terminoa muturreraino darama, eta suntsiketak dakarren ezerez sentsazioaren metafora gisa basamortu inguruneak plazaratzen ditu eszenario gisa, haietan, ahal bezala, baina betiere duintasun handiz eta baita ironiaz ere, herritarren bizirautea agertuz.

Honela, erakusketan dena ez da suntsiketa, gabezia; umorez beteriko hainbat kontrapuntu badaude, Larissa Sansourrek Palestinaren etorkizun distopikoaren inguruan proposatzen duen zientzia fikziozko Nation State bideo futurista adibide. Bertan, mende erdia baino gehiago dirauen gatazkari behin betiko soluzio drastikoa eskaintzen dio artistak, Palestina estatua estruktura guztiz bertikal gisa planteatuz.

Kolonialismoaren eta honen ondorioen inguruko hausnarketak tarteko dituzten erakusketak azkenaldian nahiko ohikoak izaten ari dira, bai, baina Waste Lands-ek badu berezitasun bat, bereziki interesgarria egiten duena. Bertan parte hartzen duten hamahiru artistak mugen artekoak direla, alegia, mendebaldean jaioak baino ekialdeko tradizioan heziak. Eta hori dela eta, proposatzen den ikuspegi kritikoa guztiz berezia eta bakarra da, era berean kanpokoa eta barnekoa izanik, eta ez urrun eta gainazalekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.