KRITIKA. Artea

Zibilizazio berri baten aurkikuntza?

Urtzi Ibarguen artistaren erakusketako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun

'Kultura garaikide baten aztarnak'

Artista: Urtzi Ibarguen.Lekua: Bilbo Arte aretoa.Noiz arte: Maiatzaren 3ra arte.

Objektuak oso gutxitan izan ohi dira objektu soilak. Funtzio jakin bat izan dezakete, eta, funtziorik izan ezean, memoria kapsulak bihurtzen dira, iraganaren eta orainaren lokailu. Iragana urruna edo gertukoa izan daiteke, eta iragan horri loturiko memoria zatia, berriz gertakizun zehatz batena, momentu jakin batena, edo unibertsalagoa. Baina hori gutxienekoa da. Objektu horien balioaz mintzo naiz, eta balio hori, lorratz izaerarena da. Gure iragan guztia historia idazteko fitxa arkeologiko egiaztagarriak baitira hein batean, denboraren poderioz lurperatuak, eta ahanzturan geldituak, ondoren berriz ere aurkitzen dituzten arte. Aurreko urtean, Bilbo Arten bekaduna izan zen Urtzi Ibarguen artista gaztearen erakusketaren ardatza bera ere lorratzez josirikoa da. Zeren lorratzak, ordea?

Erakustaretora sartu, eta lehenengo espazioa hainbat balda eta idulki zuri orbangabez beterik dago, eta horietariko bakoitzaren gainean objektu bana ikus daiteke. Arkeologia edo historia museo bateko areto baten gisara, formalki elkarren hurbileko diren objektuen nolabaiteko multzokatzea dirudi. Brontzezko objektuak dira, objektu txikiak, denboraren poderioz zaharkituak diruditenak, eta zenbaitetan lausotuak dituzte ertzen definizioak ere, denboraren iraganaren karraskadurak eraginda. Lurpetik berriz ere argitara irtendako objektuak dirudite, gaur egunera iritsitako antzinateko lorratzak. Zein zibilizaziorenak, ordea?

Erakusketan aurrera jo ahala, galderak areagotu besterik ez dira egiten. Bigarren aretoan, beste balda zuri batek ematen du ongi etorria. Horren gainean, ez ditugu brontzezko objektuak oraingoan, baizik eta harri batzuk. Erditik apurtutako harriak dirudite, eta horien bihotzean berriz, hainbat irudi ikus daitezke. Badirudi denboraren poderioz fosil bihurturiko zenbait aztarna direla. Formak, aldiz, ez dira ohikoak. Ez da ammoniterik edo trilobiterik ageri bertan. Irudi guztiz geometrikoak dira, baina, era berean, badute zerbait organikotik ere. Benetako fosilak ote? Eta hala balira, zer ote ziren harriotan beren lorratza utzi zuten horiek?

Bigarren aretoa lehenaz banatzen duen horma igaro, eta atzera bira. Bertan, erakusketan sumatzen den ezinegonaren estasia, klimaxa: horma guztia hartzen duen ikur bat dago. Zaila da begirada batez zer den identifikatzea; ikur abstraktu bat dirudi, irudi guztiz oinarrizko bat. Material horixka koloreko batean estanpatua, edo, estanpatua baino gehiago, erretako lorratz bat dirudi. Haren presentzia, ordea, hain da monumentala, ezen, inondik ere gurtza jomuga duen elementua izan behar duen. Elementu edo ikur erlijiosoa? Hurbildu, eta feltrozko euskarrian eginikoa dela antzematen da, doi-doi. Feltroa, harria, brontzea... tradizioz antzinatetik landuriko materialez eginiko objektuen metaketa da hemengoa... antzinateko zibilizazio galduren baten aztarnak ote hemen artistak bildurikoak?

Galderen oihartzuna gero eta ozenago entzuten da, erakusketako azken pieza ikusi ostean. Dokumentazio bideo bat da, Michael Cremo, sasi-zientzialariaren elkarrizketen bilduma, non gizakiaren existentzia duela milioika urtekoa dela esaten zuen hipotesia justifikatzen ahalegintzen den. Areto honetako aztarnak, duela milioika urte galduriko zibilizazio horietakoren baten aztarnak ote? Horra hor artistak ikusleei aurkezten dien jokoa. Michael Cremoren hipotesien antzera, gezurrezkoak ala egiazkoak dira erakustaretoko lorratzak? Nola jakin?

Eduki, badute bietatik, eta hor datza, hain zuzen ere, proposamen honek sortutako interesa. Gezurrezkotzat kontsidera daitezke objektuak, ia ezerezetik, sorkuntza prozesu baten ondorio gisa eginiko piezak diren neurrian, eta ez, antzinateko zibilizazio batek utziriko lorratzak. Hor ageri diren aztarnak, ordea, eta neurri berean, egiazkoak ere badira; izan ere, zibilizazio batek utziriko lorratzak dira egiaz. Hain zuzen ere, egungo zibilizazioarenak; erakusketan etengabe ikus daitezkeen forma geometrikoko askotariko irudi horiek, Interneteko webguneetan sortzen diren elkarrekintzen patroien analisietatik sortu baitira. Geure lorratzak dira, egungoak eta iraganekoak neurri berean. Izan ere, orainaren kontzeptua, berez iheskorra izan bada ere, egun, Internetek bultzatzen duen abiadura frenetikoak are gehiago zaharkitzen baitu. Oraina, orainaldi izan baino lehen iragana bilakatzen baitu maiz. Badirudi iragan infinituan bizitzera kondenaturik gaudela, eta iragan horren lorratzak dira aretoan aurkezten direnak, orainaldi honenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.