KRITIKA. Artea

Mugez bestalde

Erakusketan ikus daitezkeen artelanetako batzuk. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

'Hamaika'

Non: Uharteko Arte Garaikideko Zentroa (Nafarroa).Noiz arte: Maiatzaren 7 arte..

Hamaika. Hamaika izen, eta hamaika proiektu biltzen dira bertan. Ez kopuruz asko direlako, baizik eta zehazki 11 izan zirelako Nafarroako Gobernuak eman ohi dituen sormenerako laguntzen 2016. urteko irabazleak. Badirudi gero eta hedatuagoa bilakatzen ari den praktika dela laguntzen etekinen justifikazio materialerako beharra; edo hobeto esanda, ondorio zuzen eta material baten beharra. Honela bada, Uharteko Arte Garaikideko Zentroko 3. gela horretan aztarna horiek dira topa daitezkeenak.

Eta aztarnen multzokatzeaz hitz egiten dut, batez ere, pare bat arrazoi edo agian arazo praktikoren ondorioa dela eta. Nahiz eta gure pertzepzioak eta izan ditzakegun aurreiritziek ere izan dezaketen zerikusirik horretan. Izan ere, 2016ko sormenerako laguntzen irabazleen proiektuen erakusketa bada, erakusgelan 11 proiektu horiek topatzeko ustearekin doa ikuslea bertara. Baina nola bildu bertan erakustaretoa baina areto handiago baterako pentsatutako hainbat instalazio eta street art proiektu bat —zeina definizioaz kalean egitekoa eta egina baiten—? Kontuan harturik, gainera, beste hainbat proiektu ere, sormenerako laguntzek emandako diru-iturria nahikoa ez, eta oraindik ere guztiz burutu gabe daudela? Hona hemen aipaturiko arazo praktikoak, eta baita aurreiritziaren arazoa ere. Biak ala biak, kasu honetan behintzat, ezin uztartuzkoak baitira. Hori dela eta, eta proiektu bakoitzaren presentzia ezinbestekoa denez aretoan —laguntzen justifikazio gisa, aurrez aipatu bezala—, bertan topatzen direnak ez dira proiektu osoak, baizik eta zertzeladak, aztarnak azken finean: kutxa bat, bideo bat, instalazio txiki bat, argazki batzuk... proiektu osoen, edo izan daitezkeenaren, pistak dira nolabait; eta ikuslea gelditzen da gehiago ezagutu edo jakiteko sentsazioarekin.

Beste arazoa —baina ez erakusketa honetan soilik, baizik eta ia lehiaketa edo sariketen ondorio gisa plazaratzen diren erakusketa guztiekin gertatzen den moduan—, piezen arteko koherentzia, kohesio edo lotura falta da. Eta hau ezinbestean gertatzen den fenomenoa da, proiektuak indibidualki aurkezten direlako, eta ondoren proiektu irabazleen aukeraketa ere modu indibidualean egiten delako, kalitate printzipio batzuen ondorio gisa; eta ez amaierako erakusketan pentsatuz. Eta zentzu honetan ulertu beharra dago hasieran komentaturiko multzokatze hitza, hori presente izatea garrantzitsua baita modu honetako erakusketak ikusteko garaian, erakusketa bera baino gehiago, proiektu solteak ikustera baitoa ikuslea.

Hamaika izeneko erakusketa horretan ere horixe bera gertatzen da, eta beraz, hamaika, unitate gisara baino gehiago, banakoz osaturiko multzo gisa ulertu behar da. Eta honen guztiaren bidez ez dut ikuslea edo irakurlea erakusketatik aldenarazi nahi, guztiz kontrakoa baizik. Proiektu solteen multzokatzeak badira ere, multzokatzeek berek, edo proiektuek berek badutelako interesik, hala nola Alba Agirrek El edificio de una escuela sin edificio proiektuaren bidez proposatzen duen eskolen funtzionamenduaren eta arkitekturaren inguruko hausnarketa, eta Cristina Nuñezen Unicas proiektua, zeinak inposatua izan den identitate femenino tradizionala zalantzan jartzen duen, pare bat aipatzearren.

Maiz, erakusketak ikusteko asmoa badugu, joera Bilbora, Donostiara eta agian baita Gasteizera ere hurbiltzea izaten da; Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian gertatzen dena guztiz baztertuz. Nolabaiteko mugak ezartzen ditugu gure inguruan, eta badirudi muga horiek zeharkatzea askotan kosta egiten dela, kosta egiten zaigula —neure burua ere zakuan sartuz—, artearen baitan ikusi, ikasi eta goza dezakeguna ikaragarri murriztuaz —horretan maiz, garraio publikoaren lotura txarrek ere, izan, badute kulpa—. Bidaia behin egitea nahikoa da, zailtasun guztiak alboratu eta atzera berriz ere itzultzeko, eta horretarako erakusketa hau aitzakia ezin hobea izan daiteke, egungo produkzio berrien nondik norakoaren ikuspegia zabaltzeko aukera izatearekin batera. Ikusi, ikasi eta gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.