KRITIKA. Artea

Bazen behin

Liliana Porterren Elkarrizketak eta desobedientziak erakusketako artelan bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Liliana Porter. 'Elkarrizketak eta desobedientziak'

Non: Artium museoa, Gasteiz.Noiz: Abuztuaren 27ra arte.

Artium museoa urtean behin emakumezko artista baten bakarkako erakusketa programatzeko dinamikari eusten ari zaio. 2015ean, Mabi Revueltarena izan genuen; iaz, berriz, Marina Nuñezena, eta, aurten, Liliana Porter artista argentinarraren txanda izan da.

Okerrenean, bizitzera ohitu gara, hori izaten dugu sarri normaltasunaren eredutzat, eta Artium bezalako izaera autonomiko eta publikoko museoak urtero egin ohi dituzten hiru bakarkakoetatik bat emakumezko artista baten inguruan egitea lehen bultzakadan txalogarria irudi dakiguke. Eta horrekin kontent gera gintezke, eta nahikoa izan daitekeelakoaren ilusioa sorraraz dezake geure artean. Ez gara ohartzen, ordea, erreakzio hauek guztiak normaletik ez dutela ezer. Eta normala, emakumezko artisten bakarkako erakusketen ohikotasuna litzatekeela (gizonezkoena adinakoa) eta ohikotasun horregatik txalotu behar ez izatea.

Hala eta guztiz ere, eta aurreko eztabaida beste baterako utziz, plazera da Liliana Porterren lanak ikusteko aukera izatea, kasu honetan, Europan egindako lehen atzera begirakoan, non Elkarrizketak eta desobedientziak-en titulupean 1969. urtetik hasi eta gaur egun arte produzitu dituen piezen aurkezpena topa dezakegun.

Erakusketa, Estrella de Diegoren komisariotza lanaren bidez taxutua, lau atal nagusiren baitan dago egituraturik, Porterren urte luze hauetako produkzioa maisutasunez lotuz: Urratuak eta zereginak, Trabajos forzados, Ibilbidea eta lerroa, eta Bihurketak eta dobleak. Arlo hauek areto ezberdinen baitan egituraturik agertzen dira museoan, eta batetik besterako trantsizioa modu oso organikoan egitea lortu du komisarioak, atalen arteko ezberdintasunak azpimarraturik egon badaude ere, hauen artetik igarotzen den hari jarraikorra sumatu daitekeelarik erakusketan zehar etengabean: desplazamenduak, lekualdaketa, joan etorriak, desegite eta berregiteak, elementu ezberdinen arteko elkarrizketak...

Baina horien guztien gainetik, Liliana Porterrek helarazten dituenak kontakizunak dira, istorioak. Badirudi bere proiektu bakoitza bazen behin... batekin has litekeela. Eta horretan, gure haurtzaroko unibertsora garraiatzea lortzen du, non errealitatea eta fikzioaren arteko mugak guztiz lausoturik genituen. Fikzioa performatzen genueneko hura, gure errealitatea eta ingurua ulertzeko asmoarekin; era berean, fikzioa bera errealitatetik jasotako elementuez osatzen genuelarik. Bere lanen bidez, artista argentinarrak, atzera, balantza horretara garamatza eta fikziozko munduaren zirrikituetatik egungo gizartea ulertzeko elementuak dakarzkigu, umore fin eta ironiaz beterikoaz betiere.

Portzelanazko apaingarriak, elementu kitschak, eskala ez proportzionatuko irudien elkarketak, eta lehenengo begiradan erabat ulertezinak zaizkigun elkarkidetzak ageri dira bere lanetan. Figuratxo bizigabeak bizidun bilakatzen ditu, ia geure alter egoak balira bezala. Modu honetan, fikziozko iruditeriaren eta alter ego hauen maskaren erabilerak ahalbidetzen duen zirrikitutik egungo testuingurua eta portaerak behatzeko aukera da erakusketak sortzen duena. Hain zuzen ere, hauen bidez, egunerokotasuneko istorioak dira azaleratzen direnak: emakumezkoa ehuntzen, gizonezko bat sarea biltzen, beste emakumezko bat erratza pasatzen... Baina hauek, beren jatorrizko testuingurutik atera eta ingurune guztiz neutro eta atenporalean kokatzeko abilezia du artistak, gertakizun txiki hauek Munduko Historia handien pareko aurkeztuz.

Estetikoki begiratuz gero, badirudi Porterren lan guztiek badutela halako zorizko osagarri bat, baina bere instalazio eta konposizioak halabeharrarekiko erabat urrun daude. Guztiz metodikoak eta arrazoiketan oinarriturikoak dira. Kasualitatearentzat ez dago lekurik bere produkzioan. Izan ere, eta hain zuzen ere hori dela eta, berriz ere narratua izatea beharrezkoa den mundu baten ikuskera berria bermatzeko pistak eta abiapuntuak baitira artista argentinarrak eskaintzen dizkigunak. Orainaldia berrikusteko, baina baita iraganaren idazketa birplanteatzeko ere baliagarriak direnak. Ze ekintza dira aintzakotzat hartu beharrezkoak? Zein, gogoraraztea merezi dutenak? Horretarako, zein dira planteatu beharreko elkarrizketa eta loturak? Orain arte naturaltzat jo ditugun horiekin jarraitu behar dugu? Ala agian badago ikuspegia aldatzerik dialektika eta harreman berrien bidez, nahiz hasiera batean ezinezkoak edo guztiz aldrebesak iruditu izan? Liliana Porterrek kontakizun eta narrazio berrietarako ateak irekitzen dizkigu. Orain, guri dagokigu ateak gurutzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.