KRITIKA. Artea

Likidoa

Artiumeko erakusketan ikus daitekeen lanetariko bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun

'Kartografia likidoak'

Egilea: Erakusketa kolektiboa. Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: 2018ko otsailaren 11ra arte.

Materiaren izaera likidoa abiapuntutzat hartuta, hainbat teoria garatu dira azken urte hauetan egungo gizartearen eta horren eremu, alderdi eta aspektu ezberdinen funtzionamendua ulertu eta deskribatzeko garaian; Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoaren ekarpenak dira horien artean aipagarrienak. Hala, ekarpen horiek oinarritzat hartuz burutu dute Artiumeko Kartografia likidoak erakusketa.

Modernitatetik, gizartea oinarrizko pilare solido batzuen gainean eraikia dagoen bermea adierazi digute, eta hori sinetsarazi. Eta gizartea oinarri mugatu eta mugitu ezinezko horiei guztiz hertsirik zegoenez gero, hura ere, entitate guztiz mugatu, definitu, eta estatikoa dela ulertarazi izan digute. Historia, elementu lineal, kanoniko, zehatz eta trinkoa dela: solidoa; ekonomia ere bai, baita lurraldea eta, nola ez, bertan izaten diren modu eta izaera bateko eta besteko harremanak ere.

Baumanen teoriek, modernitatearen premisa horiekin guztiekin apurtu zuten. Gizartearekiko bestelako ikuspuntua aurkeztu zuen berak, elementu eta eremuen solidotasuna zalantzan jarriz, izaera berri baten onespenerako: izaera likidoa. Horrekin, oinarri eta elementu bakoitzaren mugen gabezia zen aldarrikatutakoa, eta elkarren arteko etengabeko eraginak azpimarratzen zituen. Likidoen gisara, eremuak elkar kutsatzen dira, elkarren artean nahasten. Eta gizartea, nahasketa horien ondorioa besterik ez da, etengabeko aldaketen menpe dagoena.

Erakusketan, gizartearen izaera likidoa, Baumanek landutako beste zenbait kontzepturen bidez ekarri dute argitara: Frontera/mugak, ekonomia, iraunkortasuna, historia/artxiboa, sareak/komunikazioa eta habitataren bitartez.

Bata bestearekin lotuta dauden kontzeptuak dira guztiak, likidotasunaren baitan eta erakusketan ikus daitekeen gisara. Honela bada, komisarioek, erakusketaren izenburuak berak dioen bezala, hainbat eremuren arteko erlazioak definitu dituzte gizartea osatzen duten kartografia likidoen egitura azaltzerako garaian; hainbat kontzepturen arteko harilkatzeekin. Azken finean, saiatu dira erakusketako aretoan artelanekin gertatzen den moduko erlazioak sortzen. Honela, badirudi, bi erakusketa paralelo direla egin dituztenak, eta biak gainjarri nahi izan dituztela: bata kontzeptuala eta bestea, berriz, artelanena.

Gainjartze hori, artelan bakoitza kontzeptu zehatz bati lotuaz bideratu nahi izan dute, euskarri gisa txarteltxoak erabiliaz. Agian, komisarioen tesia argiago azaltzearren izan da, baina aurkako efektua lortu du. Artelanak, kontzeptu zehatz batekin soilik ezin baitira definitu, zenbaitetan, Baumanek azaltzen duen izaera likido horretan oinarriturik baitaude, eta eremu ezberdinen arteko loturak agerrarazten dituzte. Proiektuen konplexutasun dena eta haien ulertze maila guztiak tartetik kendu dituzte, eta inolako beharrik gabeko sinpletasunean aurkeztu. Eta horrekin, gainera, erakusketaren bidez plazaratu nahi izandako ideiarekiko guztiz kontrajarria den aurkezpen solido, mugatu eta zehatza diseinatu dute, proiektuek kontzeptu ezberdinekin izan ditzaketen elkar eragin eta erlazioak mutilatuaz.

Azken urteetan hainbat artista izan dira gizarte likidoaren kontzeptua garatu dutenak. Kasu honetan ordea, Mexikoren eta Espainiaren arteko erlazio diplomatikoak berrezarri zireneko 40. urteurrena aitzakia hartuta egin dute artisten hautaketa, bi estatu horietan jaiotako artisten lanak ipiniaz erakusgai, eta, modu honetan, gogoeta interesgarria planteatuz, estatu eta gizarte hauen arteko gaur egungo eta historiako erlazioen inguruan.Teorian behintzat. Izan ere, planteamenduaren interesa aipatutako erlazioen inguruan hitz egitean egon zitekeen arren, postmodernitate globalizatu eta likidoak erlazio horien hautemate historiko eta garaikideetan izan duen eragina aztertzeko; praktikan, hainbat artistaren lanek ez dute Mexiko eta Espainiaren inguruko gogoetarik bultzatzen, beste herrialde batzuez mintzo baitira. Hori horrela izanik, zer garrantzi du erakusketako artistak Espainiakoak eta Mexikokoak izateak? Zer garrantzi du, gaur egungo gizarte likido hauetan, herritartasun zehatz bat izateak, erakusketan planteatu nahi den bi estaturen arteko erlazioarekin zer ikusirik ez duten beste estatu batzuez mintzo direnean?

Erakusketan proiektu interesgarriak daude, eta aipagarrienak, agian, hain zuzen ere, Mexikoren eta Espainiaren inguruan hitz egiten ez dutenak dira: adibidez, Asuncion Molinos Gordoren edo eta Rosell Meseguerren proiektuak. Baina, edalontzitik jausten den urak egin ohi duen bezala, hemen ere, likidoak zokoetatik eskapu egin du zenbait lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.