KRITIKA. Artea

Urte amaierako festa

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun

'Ateak zabalik 2017'

Artistak: Bilbo Arte Fundazioaren beka jaso duten artistak.Non: Bilbo Arte aretoan.Noiz arte: Abenduaren 19ra arte.

Urtero bezala, eta urteari amaiera emateko, Bilbo Arte Fundazioak 2017. urtean Urazurrutia kaleko arte produkzio zentroan egoitza bekak jaso dituzten artisten taldekako erakusketa aurkeztu zuen abenduaren lehenean. Bertan, aurten proiektuaren parte izan diren artisten proposamenak ikus ditzakegu, eta fundazioak urtero eskaintzen dituen laguntza moten bidez garatu diren proiektuen emaitzak aurkezten dira. Erakustaretotik hasita, Bilboko espazioaren areto eta estudio guztietan zehar zabaltzen dira proposamen horiek, eta, hainbat artistaren lanak ikusteko aukera eskaintzeaz gain, parada ezin hobea da espazioa bere osotasunean ezagutzeko.

Eraikina eta bertako espazioa handiak izan arren, 37 proiektu aurkezteak bere zailtasunak dauzka, bai antolaketa aldetik, bai aukeraketa aldetik. Urte guztian egindako lana erakusteko aukera da artistarentzat, eta, kasu batzuetan, zailtasunak izaten dira bakoitzari dagokion espazioaren mugetan erakutsi nahi den hori hautatzeko orduan. Ez da ahaztu behar erakusketan parte hartzen duten artista batzuentzat hau ez dela egoitzaren amaiera, fundazioak hautatutako epaimahai batek proposamenak bisitatu eta artisten aurkezpen baten ondoren hurrengo urtean erakustaretoan bakarka erakutsiko diren zazpi proiektuak sailkatzen baitira.

Zurrunbilo honetan barneraturik, askok gehiegizkoa ikusten dute proposamen kopurua. Egia da artista bakoitzak duen espazioa mugatua dela, baina, aldi berean, erakusketa hau artistek urtean zehar egin duten lana zabaltzeko egiten da: estudioa eta espazioak ireki, eta bertan gertatzen den sormen prozesuaren jarioa erakusteko modu bat da. Beraz, erakusketa hau ez da erakusketa arrunt baten antolaketa eremuetan kokatzen, eta ez da horrela ulertu behar. Ateak ireki, eta bertan loratu den hori erakusteko bide bat da.

Horrela, erakustaretoan, Adrian CastaƱedaren lan politiko eta kritiko zuzenak Bego Antonen sorginen inguruko argazkiekin nahasten dira, horren alboan Elizabeth Casillasek emakumearen eta literaturaren inguruan garatzen duen gogoetarekin batera. Horren aurrean, kontrako paretan, Eriz Morenok Cartaderia selloana landare inbaditzailearen inguruan eraiki duen diskurtso politiko interesgarri bat zabaltzen da, eta, tartean, Roman Ljubimoven proposamen teknologikoak, Oier Iruretagoienaren paretako sare landuak eta Maria Altunaren lan mugikorrak biltzen ditu. Jone Loizagak monumentu frankisten inguruan garatu duen serigrafia proiektua, berriz, areto amaieran kokatzen den Javier Rodriguezen gizartearen kontrolaren eta ordenaren inguruko ekintzekin lotu daiteke, eta baita alboan dauden Claudia Del eta Jaume Cloteten teknologia, gailu eta gizartearen inguruko instalazioarekin batera.

Erakusketaren bigarren espazioak, zentroaren bigarren solairuan, bertako hainbat estudio eta eraikinaren erdialdeko kristalezko espazioa biltzen ditu, eta mota guztietako proposamen eta prozesuak ikus ditzakegu hor ere. Kristalezko espazioan nahasian doaz Itziar Markiegi eta Miriam P I-ren soinu instalazioak, Ion Macarenoren eskulturaren prozesu ditalen gogoeta eta Diego Aldasororen memoria lanak. Alboetan, alde batera, Kiwon Hong korearraren proiektu bikaina Nerea Apodakaren totem eta fetitxe objektuekin eta Robeto Freireren okupazioarekin ikus daiteke, eta, eraikinaren beste aldean, Maria Benitoren proposamen ilunak Uxue Lopezen proposamen garbiekin talka egiten du, Borja Llobregatek egindako Euskadiko skatearen historiaren berrinterpretazioaren alboan.

Solairu bereko gainaldeko estudioetan, Ignacio Garcia eta Mara Onaren azpikultura proiektuekin batera, Josune Urrutiaren lan autobiografikoa eta Raul Lorenzoren arte praktikaren eta tradizioaren arteko harremanari buruzko gogoeta erakusten dira; benetan interesgarriak azken bi horiek, bakoitza bere alorrean.

Azken solairua aniztasun horren jarraipena da. Bertako estudioan eta platoan kokaturik ikus ditzakegu Amaia Salazarren instalazio onirikoa, Natalia Dominguezek NASAk 1977. urtean egindako The Golden Records proiektuaren inguruan eginiko berrinterpretazioa, Mikel Escobales arrasatearraren A long day for Parafiction proiektua, SaskiaRodriguezen horma-irudi eta erreprodukzioaren inguruko lana eta Zuhar Iruretagoienak eskulturaren eta irudiaren arteko harremanaren inguruan garatutako proposamenak. Guztiak platoaren iluntasunean aurkezten diren gainontzeko proiektuekin batera azaltzen dira, eta horien artean aipagarria da Andere Etxegarai leioarraren eskultura proposamena.

Guztiek dute beren tokia, eta guztiek betetzen dute rol garrantzitsua 1999. urtetik erreferentzia bilakatu den arte egoitza honen garapenean. Eta, aldi berean, urtero, nazioartean garatzen diren bestelako gogoeta eta prozesuen berri ematen digute. Benetan aberasgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.