KRITIKA. Artea

Usurpaziorik gabeko batzea

Erakusketan ikusgai dauden lanetako bat.
Erakusketan ikusgai dauden lanetako bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Garazi Ansa -

2018ko urtarrilak 16

June Crespo. 'Ser dos'

Non: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Martxoaren 3ra bitarte.

Hormigoia, hormigoi gehiago, burdinazko hagaxkak, hagaxka pila bat, mordo bat, eta ehunak, mota ezberdinetako ehunak. Horixe da, material pilaketa hori bera da Carreras Mugicako areto nagusian June Crespo artistaren Ser dos banakako erakusketan dagoena.

Hasieran, galeriako pasiloaren ertzetik begiratuta, piezek materialen multzokatzeak dirudite, material ezberdinen bidez egindako objektuen muntadurak. Zoriz sortutako objektu hutsak direla ematen du hasieran, haien artean nahi gabean elkartuak egongo balira bezala, eta, nahi gabe elkartze horretan, objektuek bata bestearekiko egokitze perfektua lortu dutela. Emaitza estetiko hori June Cresporen sorkuntza prozesuak gidatu eta bultzaturikoa da. Hain zuzen ere, lan prozesua etengabeko ariketa gisara ulertzen baitu; zoriak gidaturiko ariketa da berea. Egunerokotasunean etenik ez duen bilaketa prozesu baten emaitza da, eta bilaketa prozesu horretan buruturiko elkartze eta loturena. Ariketek bat-batean izaten dute amaiera, artistak nahi zuen hura gauzaturik ikustean. Eta bat-batekotasun horretan datza Cresporen piezen freskotasuna.

Pasilloaren ertzetik begiratuta, erakusketako lanek itxura guztiz industrializatua dute. Zehatzago, industria edo obra hondakinak dirudite. Burdinazko hagaxkak bizi-bizirik irteten diren hormigoi blokeak dira nagusi. Baina, arretaz begiratuta, ez dira bloke hutsak; mailatze ezberdinak dira, geruzak. Lan batzuek beren erraiak ikusteko aukera ematen dute; barneko hori, normalean itzalpean, ezkutuan izaten dena, bistaratzen da hemen. Zuloetatik begiratu daiteke, irekiak baldin badaude behintzat. Begiratu estolda zuloetatik, begiratu.

Biluztasun horrekin kontrastean, berriz, beste pieza batzuk estalirik daude, babesturik. Haietan, azala da ikus daitekeena, eta barruko hori, berriz, imajinatu besterik ezin dezakegu egin, edo, gehienez ere, zirrikituren batetik begiratzen saia gaitezke. Azala dute gainean pieza horiek, eta azal horrek gorpuzten ditu. Batzuetan finak dira, objektura estu-estu, doi-doi egokituak. Likrazko azalak dirudite. Baina azal urratuak dira, azal sufrituak, historia tragikoa jasandakoak. Besteak, berriz, lodiak dira, babes berezia behar duten objektuak estaltzen dituztela dirudi, berotasuna behar dutenak. Manta lodizko azalak dira hauek. Gizakiok geure buruak babesteko, goxatzeko eta osatzeko erabiltzen ditugun gerizak dira: jertseak, galtzak, nikiak, poltsak. Oraingo honetan, ordea, haragizko gorputzak bildu beharrean, hormigoi eta burdinazkoak estaltzen dituzte; giza gorputzaren eta hura inguratzen duten materialen arteko elkarrizketa sortzen da.

Elkarrizketa hori, hala ere, ez da laua, ez da sosegatua. Hitz batzuk uler ditzakegu, besteak igarri egin daitezke; bada baten bat, hala ere, enbarazu egiten duena, eta ironikoa iruditu dakigukeenik ere bada tartean. Material eroalearena, kasurako; erradiadorea. Objektu trinko bilakaturik dago, edo agian bere barru hutsa, ur beroz betetzen den espazio hori da, modu trinkoan azaleratua. Ez du beroa sortzeko gaitasunik, ez du hotzetik babesteko gaitasunik, eta hori dela-eta ageri da bera, agian, tapaki artean.

Hormetan zintzilik, eta lurreko piezekin elkarrizketan parte hartzen, beste ildo bat suma daiteke. Zuloak daude hemen ere, hormaren barnealdera garamatzan bidea izango balitz bezala, edo alderantziz, hormatik bertatik irteten den kanalaren antzera. Belarriak izan daitezke, aretoan entzundakoa hormetatik harago eramateko, ala ahoak, bertan esandakoa xurgatzeko. Eroaleak, kanalak; bideak, bederen. Batzuk xamurragoak dira, plastiko edo argizarizkoak. Besteak, berriz, metalezkoak, itxiak.

Ser dos erakusketa orain hiru urte galeria berean artistak egin zuen Cosa y tu erakusketaren bigarren zati edo jarraipen gisara uler daiteke, bi elementu nagusiren arteko jostaketa konstantearen emaitza gisara. Oraingoan, ordea, erakusketaren izenburuak kontaketa zehatz batera garamatza; hain zuzen ere, Luce Irigarayren izen bereko lanera. Teorialari feministaren poema batek zioen bezala, bi izatearen gakoa, erakusketa honen gakoa, bata bestearekiko mugak usurpatu gabe batzean datza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna